Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Korintoarrei 5 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

JOKABIDE OKERRAK ELKARTEAN (5,1—6,20)

Lizunkeri arazoa

1. Leku guztietan zabaldua dago, zuen artean lizunkeri arazo bat dagoela, eta ez nolanahikoa, jentilen artean ere gertatzen ez direnetakoa baizik: zuetako batek amaordea omen du emazte.

2. Eta zuek, negar egin beharrean, harro jarraitzen duzue, eta ez duzue bota zeuen artetik horrela jokatu duena.

3. Bada, nik, gorputzez urruti baina espirituz hor bertan nagoen honek, erabakia dut dagoeneko hori egin duenarentzat epaia, bertan banengo bezalaxe:

4. Jesus gure Jaunaren izenean bilduko zarete —eta han izango naiz ni ere espirituz— eta, Jesus gure Jaunaren ahalmenez,

5. Satanasen esku utziko duzue hori, ea horrela, beraren bekatuzko izaera suntsiturik, Jaunaren egunean salbatzen den.

6. Ez duzue batere arrazoirik harrotzeko. Ez al dakizue legamia pixka batek ore guztia altxatzen duela?

7. Bazter ezazue legamia zaharra eta izan ore berri, legamia gabeko pazko-ogiak bezala; izan ere, horixe zarete, Kristo gure Pazko-bildotsa opari eskainia izan denez gero.

8. Ospa dezagun, beraz, Pazko-jaia, baina ez legamia zaharrarekin, bekatu eta gaiztakeriazko legamiarekin, legamia gabeko pazko-ogiekin baizik, hau da, bihotz-garbitasunez eta egiaz.

9. Beste gutunean jende lizunekin ez elkartzeko esaten nizuen.

10. Ez nintzen mundu honetako lizunez mintzo, edo hemengo diruzale, lapur eta sasijainkozaleez; bestela, mundutik atera egin beharko zenukete.

11. Hau da esan nahi nizuena: kristau direla esan eta lizun, diruzale, sasijainkozale, izen onaren kentzaile, mozkor edo lapur direnekin ez elkartzeko. Horrelakoekin, ezta otordu bat egin ere!

12-13. Ez dagokit niri kanpokoak epaitzea; horiek Jainkoak epaituko ditu. Zuek elkartekideak epaitu behar dituzue. Liburu Santuak dio: Bota gaiztoa zeuen artetik.