Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Korintoarrei 3 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Korintoarrak kristau-gaietan heldugabeak

1. Nik, senideok, ezin izan nizuen hitz egin Espiritua dutenei bezala, pertsona heldugabeei bezala baizik, kristau-mailan umetxo direnei bezala.

2. Esnez hazi zintuztedan, ez janari sendoz, hau hartzeko ez baitzineten oraindik gauza. Orain ere ez zarete gauza,

3. giza grinen menpeko izaten jarraitzen baituzue. Izan ere, bekaizkeriak eta eztabaidak dituzuen bitartean, ez ote zarete giza grinen menpeko? Ez ote duzue giza irizpide hutsez jokatzen?

4. «Ni Paulorena naiz, ni Apolorena» esaten duzuenean, ez al zarete giza irizpide hutsez ari?

Denak zerbitzari eta Jainkoaren lankide

5. Azken batean, zer da Apolo? Eta zer Paulo? Zuek sinesmenera erakarri zaituzten Jainkoaren zerbitzari besterik ez, bakoitza Jaunak eman dion egitekoaren arabera.

6. Landatu, nik egin nuen; ureztatu, Apolok; baina hazi, Jainkoak hazarazi zuen.

7. Landatzen duena eta ureztatzen duena ezer gutxi dira; axola duena Jainkoa da, hazarazten duena.

8. Landatzen duena eta ureztatzen duena berdinak dira, bakoitzak, berak egindako lanaren arabera saria hartuko badu ere.

9. Gu Jainkoaren obrako lankideak gara; zuek, Jainkoak lantzen duen soroa, Jainkoak eraikitzen duen etxea.

10. Jainkoak eman didan dohainaren arabera, nik oinarria ezarri dut, etxegile trebeari dagokionez; baina beste batek jasotzen du gainean eraikina. Ikus beza bakoitzak nola eraikitzen duen.

11. Argi dago inork ez dezakeela ezarria dagoen oinarria besterik ezar; eta oinarri hori Jesu Kristo da.

12. Baina oinarri honen gainean urrez, zilarrez, harribitxiz, zurez, belarrez edo lastoz eraiki daiteke.

13. Jaunaren auzi-egunak agirian jarriko du norberaren lanaren balioa, sutan agertuko baita egun hori, eta suak frogatuko du nolakoa den bakoitzaren lana.

14. Eraikitakoak suari eusten badio, egileak saria hartuko du;

15. eraikitakoa erretzen bada, ordea, egileak galdu egingo du saria; bera, hala ere, bizirik aterako da, baina suteari ihes egiten diona bezala.

16. Ez al dakizue Jainkoaren tenplu zaretela eta Jainkoaren Espiritua zuengan bizi dela?

17. Jainkoaren tenplua hondatzen duena, hondatu egingo du Jainkoak, Jainkoaren tenplua santua baita: tenplu hori zuek zarete.

Denak Kristorenak eta Kristo Jainkoarena

18. Ez beza inork bere burua engaina! Zuetako norbaitek mundu honen arabera jakintsu dela uste badu, egin bedi zoro, egiaz jakintsu izateko.

19. Mundu honetako jakinduria, izan ere, zorakeria da Jainkoaren begietan, Liburu Santuak dioen bezala: Jakintsuak beren maltzurkerian harrapatzen ditu.

20. Eta beste hau ere badio: Badaki Jaunak jakintsuen asmoak hutsalak direla.

21. Beraz, ez bedi inor harro gizakiez, dena zuena baita:

22. Paulo, Apolo, Pedro, mundua, bizitza, heriotza, oraingoa eta gerokoa; dena zuena da.

23. Zuek, ordea, Kristorenak zarete, eta Kristo Jainkoarena.