Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Korintoarrei 11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Egin zaitezte nire antzeko, ni Kristoren antzeko naizen bezala.

ELIZ BATZARRAK (11,2—14,40)

Emakumeak eliz batzarretan

2. Zorionak zuei, beti gogoan bainauzue eta nik emandako irakaspenak zintzo gordetzen baitituzue.

3. Baina nahi nuke zuek jakitea, gizon ororen buru Kristo dela, emakumearen buru gizona, eta Kristoren buru Jainkoa.

4. Burua estalirik duela otoitz egiten edo profeta bezala hitz egiten duen gizonak desohoratu egiten du bere buru duen Kristo.

5. Eta buru hutsik otoitz egiten edo profeta bezala hitz egiten duen emakumeak desohoratu egiten du bere buru duen gizona; kaskamotz egotea bezala izango litzateke hori.

6. Beraz, burua estali nahi ez badu, moztu dezala erabat ilea. Baina emakumeari ilea erabat mozturik edo kaskamotz egotea lotsagarri bazaio, estal dezala burua.

7. Gizonak, bada, ez du estali behar burua, Jainkoaren irudi eta berorren aintzaren isla baita; emakumea, berriz, gizonaren aintzaren isla da,

8. ez baitator gizona emakumeagandik, emakumea gizonarengandik baizik;

9. eta ez zen gizona egin emakumeagatik, emakumea gizonarengatik baizik.

10. Horregatik eta aingeruenganako begiruneagatik, emakumeak mendetasunaren ezaugarria eraman behar du buruan.

11. Hala ere, kristau-ikuspegitik, ez da emakumerik gizasemerik gabe, ezta gizasemerik ere emakumerik gabe.

12. Izan ere, emakumea gizasemeagandik sortu bazen, gizasemea emakumeagandik jaiotzen da, eta gauza guztiak Jainkoarengandik datoz.

13. Juzga ezazue zeuek: ongi al dago emakumeak Jainkoari buru hutsik otoitz egitea?

14. Ez al dizue naturak berak erakusten gizasemearentzat lotsagarri dela ilea luze eramatea,

15. emakumearentzat ohoragarri den bezala? Izan ere, ile luzea buruko estalkitzat eman zion Jainkoak emakumeari.

16. Halaz guztiz, norbaitek eztabaidaka hasi nahi balu, jakin beza guk ez dugula horrelako ohiturarik eta Jainkoaren eliz elkarteek ere ez.

Jaunaren afaria eta elkar maitasuna

17. Oharpen hauek egiten dizkizuedalarik, ezin ditut ontzat eman zuen batzarrak, on baino kalte handiagoa egiten baitizuete.

18. Hasteko, zuen elkarte-otorduetan zatikatuak zabiltzatela jakin dut. Eta neurri batean egia dela uste dut;

19. izan ere, beharrezko da zuen artean alderdikeriak izatea, benetako kristauak zeintzuk diren hobeki ager dadin.

20. Zeuen elkarte-otorduetarako biltzen zaretenean, egiten duzuena ez da Jaunaren afaria,

21. nor bere afaria jaten hasten baita; horrela, bata goseak gelditzen den bitartean, bestea mozkortu egiten da.

22. Ez ote dituzue zeuen etxeak jateko eta edateko? Ala gutxietsi egin nahi duzue Jainkoaren eliz elkartea eta lotsarazi ezer ez dutenak? Zer esan diezazueket? Zorionak eman? Gai honetan ezin dizuet zorionik eman.

23. Jaunarengandik hartu nuen nik, neure aldetik zuei eskualdatu dizuedan hau: Jesus Jaunak, saldu zuten gauean, ogia hartu zuela

24. eta, esker oneko otoitza egin ondoren, zatitu eta esan zuela: «Hau nire gorputza da, zuentzat ematen dena. Egizue hau nire oroigarri».

25. Berdin egin zuen koparekin afal ondoan, esanez: «Kopa hau itun berria da, Jainkoak nire odolaz ezarria; egizue hau, edaten duzuen bakoitzean, nire oroigarri».

26. Beraz, ogi honetatik jaten eta kopa honetatik edaten duzuen bakoitzean, Jaunaren heriotza iragartzen duzue, bera etorri arte.

27. Horregatik, behar ez bezala Jaunaren ogia jaten eta kopatik edaten duena errudun bihurtzen da, Jaunaren gorputz-odolak profanatzen baititu.

28. Azter beza, bada, nork bere burua, ogitik jan eta kopatik edan aurretik;

29. zeren Jaunaren gorputza dela kontuan izan gabe jan-edaten duenak, bere gaitzespena baitu jaten eta edaten.

30. Horrexegatik dago zuen artean hainbeste ahul eta gaixo, eta franko hil ere egiten da.

31. Geure buruak arretaz aztertuko bagenitu, Jaunak ez gintuzke gaitzetsiko.

32. Dena den, Jaunak, zigortzean, zentzarazi egiten gaitu, munduarekin batera gaitzetsiak gerta ez gaitezen.

33. Beraz, senideok, zeuen elkarte-otorduak egiteko biltzen zaretenean, itxaron elkarri.

34. Norbait gose bada, jan dezala bere etxean, zuen batzarrak gaitzesgarri gerta ez daitezen. Gainerako gauzak, joango naizenean konponduko ditut.