Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Korintoarrei 6 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Kristauen arteko auziak

1. Zuetako norbait, beste baten aurka auziren bat duenean, nolatan ausartzen da jentilen auzitegira jotzen, fededunen aurrera jo beharrean?

2. Ez al dakizue fededunek mundua epaituko dutela? Eta mundua epaitu behar duzuenok, ez ote zarete gauza arazo txikiak epaitzeko?

3. Ez al dakizue aingeruak ere epaituko ditugula? Bada, arrazoi handiagoz eguneroko gorabeherak.

4. Gorabehera horiek direla-eta auziak dituzuenean, nolatan aukeratzen dituzue epaile eliz elkartearentzat inor ez direnak?

5. Zeuen lotsarako diotsuet. Ez ote duzue inor aditurik, senide arteko auziak erabaki ditzakeenik?

6. Bai zera! Senidea senidearekin auzitan zabiltzate, eta epaile jentilen aurrean gainera!

7. Dena dela, zeuen artean auzitan ibiltzea bera nahiko penagarria da. Zergatik ez bidegabekeria jasan eta zeuen buruak larrutzen utzi?

8. Baina ez, zeuek zarete bidegabekeria eta lapurreta egiten dituztenak, eta hori zeuen senideen aurka.

9. Ez al dakizue bidegabeek ez dutela Jainkoaren erreinua iritsiko? Ez engaina zeuen buruak! Lizunek, sasijainkozaleek, adulteriogileek, emakeria-zaleek, sodomitek,

10. lapurrek, diruzaleek, mozkorrek, izen onaren kentzaileek eta iruzurgileek ez dute Jainkoaren erreinua iritsiko.

11. Horietakoak zineten zuetako batzuk ere; baina garbituak izan zarete, sagaratuak eta Jainkoak onartuak Jesu Kristo Jaunaren izenean eta gure Jainkoaren Espirituaren bidez.

Haragikeriaren aurka

12. «Dena zilegi dut», dio zenbaitek; baina ez da dena komenigarri. «Dena zilegi dut», bai, baina ni ez nau ezerk menpeko egingo.

13. Esaten da baita ere: «Janaria sabelarentzat eta sabela janariarentzat»; baina bata zein bestea hondatu egingo ditu Jainkoak. Gorputza, ordea, ez da lizunkeriarako, Jaunarentzat baizik, eta Jauna gorputzarentzat.

14. Eta Jainkoak, Jauna piztu zuenak, gu ere piztu egingo gaitu bere ahalmenaz.

15. Ez al dakizue zuen gorputzak Kristoren atal direla? Eta nik Kristoren atala emagaldu baten atal egingo ote dut? Ez horixe!

16. Ez al dakizue emagalduarekin elkartzen dena berarekin gorputz bat bera egiten dela? Honela baitio Liburu Santuak: Biakbat izango dira.

17. Jaunarekin elkartzen dena, berriz, berarekin espiritu bat bera egiten da.

18. Egizue ihes haragikeriatik! Gizon-emakumeek egiten dituzten beste bekatu guztiak gorputzetik kanpora gelditzen dira; baina haragikeriazko bekatua egiten duenak bere gorputzaren aurka egiten du bekatu.

19. Ez al dakizue zuen gorputza Jainkoak eman dizuen eta zuengan bizi den Espiritu Santuaren tenplu dela? Beraz, ez zarete jadanik zeuenak,

20. garesti ordainduz eskuratu baitzaituzte Jainkoak. Goretsazue, bada, Jainkoa zeuen gorputzaz.