Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27

Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 8 Elizen Arteko Biblia (EAB)

LEHENENGO APAIZEN SAGARAPENA (8,1—10,20)

Sagarapen-ohikunea

1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2. «Hartu zeurekin Aaron eta beronen semeak; hartu jantziak ere, gantzuketa-olioa, barkamen-oparirako zekorra, bi ahari eta legamia gabeko ogien saskia,

3. eta bildu elkarte osoa elkarketa-etxolaren sarreran».

4. Jaunak agindu bezala egin zuen Moisesek. Elkartea elkarketa-etxolaren sarreran bildu zenean,

5. Jaunak egiteko agindu zuena adierazi zien Moisesek.

6. Gero, Aaron eta beronen semeak hurbilaraziz, uretan garbitzeko eskatu zien.

7. Ondoren, tunika jantzi zion Aaroni, gerrikoaz lotu eta mantua jarri; gainetik efoda ezarri zion eta xingolaz lotu.

8. Bularrekoa ipini zion, eta bertan «Urim» eta «Tumim» epaigailuak.

9. Buruzapia ezarri zion buruan, eta buruzapiaren aurrealdean urre garbizko xafla, diadema sakratua, Jaunak agindua zion bezala.

10. Moisesek, gantzuketa-olioa harturik, egoitza eta bertan zegoen guztia gantzutu zuen eta sagaratu.

11. Zazpi aldiz zirtatuz, aldarea bere tresna guztiekin eta aska bere oinarekin gantzutu zituen eta sagaratu.

12. Aaron ere, burura olioa isuriz, gantzutu egin zuen eta sagaratu.

13. Gero, Aaronen semeak hurbilaraziz, tunikak jantzarazi zizkien, gerrikoak lotu eta kapelak ezarri, Jaunak agindua zion bezala.

14. Barkamen-oparirako zekorra ekarrarazi zuen. Aaronek eta beronen semeek eskuak zekorraren buruan ezarri ondoren,

15. hil egin zuen Moisesek eta, odola harturik, behatzez aldare-ertzeko adarrak igurtzi zituen alde guztietatik, aldarearen garbikuntza eginez; gainerako odola aldare-oinean isuri zuen; horrela, aldarea sagaratu zuen, garbikuntza-ohikunea haren gain eginez.

16. Ondoren, heste gaineko gantza, gibela estaltzen zuena eta giltzurrunak berauen gantzarekin harturik, aldarean erre zituen.

17. Baina zekorraren gainerakoak —larrua, haragia eta hesteak— kanpalekutik atera eta erre egin zituen, Jaunak agindua zion bezala.

18. Gero, erre-oparirako aharia ekarrarazi zuen. Aaronek eta beronen semeek ahariaren buruan eskuak ezarri ondoren,

19. hil egin zuen Moisesek, eta odolaz aldarea zipriztindu zuen alde guztietatik.

20. Aharia zatitu egin zuen eta burua, zatiak eta gantzak erre.

21. Hesteak eta hankak uretan garbitu zituen, eta ahari osoa erre zuen aldarean, Jaunak agindua zion bezala. Erre-oparia izan zen, eta Jaunak atseginez onartu zuen bere ohorez erretako oparia.

22. Ondoren, bigarren aharia ekarrarazi zuen, apaizak sagaratzeko erabiltzekoa. Aaronek eta beronen semeek ahariaren buruan eskuak ezarri ondoren,

23. hil egin zuen Moisesek eta, odola harturik, eskuineko belarria eta eskuineko eskuko eta eskuineko oineko erpuruak igurtzi zizkion Aaroni.

24. Aaronen semeei ere, hurbilaraziz, eskuineko belarria eta eskuineko eskuko eta eskuineko oineko erpuruak odolaz igurtzi zizkien; gainerako odola aldare-inguru guztian isuri zuen.

25. Hartu zituen gero buztaneko gantza, heste gainekoa eta gibela estaltzen zuena, giltzurrunak berauen gantzarekin eta eskuineko izterra.

26. Hartu zituen ere legamia gabeko opil bat, olioz oraturiko opil bat eta talo bat Jaunaren aurrean zegoen legamia gabeko ogien saskitik, eta gantzen eta eskuineko izterraren gainean ezarri.

27. Hori guztia Aaronen eta beronen semeen eskuetan jarri zuen, eta hauek Jaunari eskaini zioten, errituzko aurkezpen-keinua eginez.

28. Gero, Moisesek berriro haien eskuetatik hartu eta aldarean erre zuen guztia, erre-opari gisa eskainitakoaren gainean. Apaizen sagarapenerako oparia izan zen, eta Jaunak atseginez onartu zuen bere ohorez erretako oparia.

29. Moisesek bularra hartu eta, errituzko aurkezpen-keinua eginez, Jaunari eskaini zion. Hori zen sagarapen-aharitik Moisesi zegokion zatia, Jaunak agindua zion bezala.

30. Moisesek gantzuketa-oliotik eta aldare gainean zegoen odoletik harturik, Aaron eta beronen jantziak eta semeak eta berauen jantziak zipriztindu zituen; honela, bai Aaron eta semeak, bai beraien jantziak, sagaratu zituen.

31. Moisesek esan zien Aaroni eta beronen semeei: «Egosi haragia elkarketa-etxolaren sarreran; han bertan jango duzue sagarapenerako prestaturiko saskian dagoen ogiarekin batera, nik jaso nuen aginduaren arabera: “Aaronek eta beronen semeek jango dute”.

32. Sobera gelditzen diren haragia eta ogia erre egingo dituzue.

33. Ez duzue elkarketa-etxolaren sarreratik alde egingo zazpi egunez, apaiz-sagarapena burutu arte; zazpi egun iraungo baitu apaizgoa hartzeko ohikuneak.

34. Gaur egin den bezala egiteko agindu du Jaunak, zuen bekatuen barkamena lortzeko.

35. Beraz, zazpi egunez, gau eta egun geldituko zarete elkarketa-etxolaren sarreran; ondoren, Jaunak ezarritako zerbitzua bete ahal izango duzue, hil gabe. Agindu hori jaso dut nik Jaunarengandik».

36. Jaunak Moisesen bidez aginduriko guztia egin zuten Aaronek eta beronen semeek.