Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27

Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 6 Elizen Arteko Biblia (EAB)

APAIZENTZAT ARAUAK (6,1—7,38)

Erre-oparia

1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2. «Honako arau hauek emango dizkiezu Aaroni eta beronen ondorengoei:«Hona hemen erre-opariei buruzko ohikunea: Erre-oparia gau osoan egongo da erretzen aldare gainean; aldareko sua ez da itzaliko.

3. Goizean, apaizak, lihozko tunika eta lihozko galtzak jantzirik, erre-opariko aberearen errautsak aldaretik bildu eta aldare ondoan utziko ditu.

4. Ondoren, arropak aldatu eta errautsa kanpalekutik atera egingo du leku garbi batera.

5. Aldare gainean pizturik dagoen sua ez da inoiz itzaliko; goizero apaizak egurra botako dio, gainean erre-oparia atondu eta elkartasun-oparigaien gantzak erreko.

6. Aldareko sua beti egongo da pizturik, inoiz ere itzali gabe.

Labore-oparia

7. «Hona hemen labore-opariei buruzko ohikunea: Aaronen ondorengoei dagokie Jaunaren aurrean, aldarearen aitzinean, aurkeztea.

8. Eskaintzatik, olioz nahasiriko eskutada bat irin, intsentsu guztiarekin batera, hartu eta aldarean erreko dute, Jaunak atseginez onartzen duen oroigarritzat.

9. Eskaintzaren gainerakoa Aaronek eta beronen ondorengoek jango dute; legamiarik gabe eta toki sakratuan jango dute, elkarketa-etxolaren atarian;

10. ez dute legamiarekin erreko, neure ohorez erretako oparietatik ematen diedan partea baita. Guztiz sakratua da, barkamen-oparia eta ordain-oparia bezainbeste.

11. Aaronen ondorengoetariko gizonezkoek bakarrik jan dezakete. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun, Jaunaren ohorez erretako opariei dagokienez. Horiek ukitzen dituen edonor sakratu bihurtzen da».

12. Jaunak esan zion Moisesi:

13. «Hona hemen Aaronek eta beronen ondorengoek, apaiz sagaratuak izan ondoren, Jaunari eskaini behar dioten oparia: lau kilo irin garbi eguneko, erdia goizean eta beste erdia arratsaldean.

14. Zartaginean prestatuko dituzte olioarekin ongi nahasiak, eta zatiak eginda eskainiko. Jaunak atseginez onartzen duen oparia da.

15. Hala egingo dute apaiz nagusi sagaratuak izango diren Aaronen ondorengo guztiek ere. Betiko legea da. Jaunarentzat erreko dute oso-osorik oparia;

16. hain zuzen, apaizaren labore-opari guztiak erabatekoak dira; ez dituzte jango».

Barkamen-oparia

17. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

18. «Esan Aaroni eta beronen ondorengoei:«Hona hemen barkamen-opariei buruzko ohikunea: Barkamen-opariko aberea erre-oparietakoak hiltzen diren toki berean hilko da, Jaunaren aurrean. Opari guztiz sakratua da.

19. Eskaintzen duen apaizak jango du, eta toki sakratuan jan ere, elkarketa-etxolaren atarian.

20. Haragi opaldua ukitzen duen edonor sakratu bihurtzen da eta jantziren bat haren odolaz zipriztindurik gertatzen bada, toki sakratuan garbituko da.

21. Haragia egosi deneko ontzia buztinezkoa bada, hautsi egingo da; brontzezkoa bada, berriz, gogor igurtzi eta uretan garbituko.

22. Apaiz-familietako gizonezkoek bakarrik jan dezakete. Opari guztiz sakratua da.

23. Baina ez dute jango barkamen-oparitzat eskainitako abererik, baldin eta haren odola elkarketa-etxolara eramana izan bada, santutegian barkamen-ohikunea egiteko; erre egingo da.