Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27

Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Nola behar den Jainkoa zerbitzatu

1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2. «Esan israeldarren elkarte osoari: Izan santu, ni, Jauna, zuen Jainkoa, santua naiz eta.

3. «Izan begirune gurasoei, eta errespetatu nik aginduriko atseden-eguna. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

4. «Ez jo sasijainkoengana eta ez egin metal urtuzko idolorik. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

5. «Jaunari elkartasun-opariak egitean, eskaini hark atseginez onartzeko eran:

6. oparigaia jan, opaldua izan den egunean eta biharamunean jango duzue; baina hirugarren egunerako sobera gelditua erre egingo duzue.

7. Norbaitek hirugarren egunean jango balu, ez litzaioke Jaunari atsegin izango: gaitzesgarria da haragi hori.

8. Horretatik jan dezanak bere hobenaren ondorenak jasan beharko ditu, Jaunari sagaratua profanatu baitu: herritik bota egingo dute.

9. «Zeuen uzta biltzean, ez duzue soro-bazterrekoa moztuko, ezta eroritako galburuak biltzen ibiliko ere.

10. Ez dituzue atzean utzitako mahats-hondarrak bilduko, ezta lurrera eroritakoak jasotzen ibiliko ere. Pobreentzat eta etorkinentzat utziko dituzue. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

11. «Ez ostu, ez esan gezurrik, ez egin iruzurrik zeuen herritarrari.

12. Ez egin gezur-zinik Jaunaren izenean, zeuen Jainkoaren izena profanatuz. Neu naiz Jauna.

13. «Ez zapaldu lagun hurkoa, ez larrutu. Ez utzi biharamuna arte ordaindu gabe langilearen lansaria.

14. Ez madarikatu gorra, ez ipini itsuari bidean oztoporik. Horrela erakutsiko duzue begirune diozuela Jainkoari. Neu naiz Jauna.

15. «Ez egin bidegabekeriarik epaiketan, ez jende xehearen alde jarriz, ez handikiari mesede eginez: epaitu zuzenbidez zeuen herritarra.

16. Ez ibili herritarraren izena belzten; ez egin salaketa faltsurik lagun hurkoa heriotzara kondenarazteko. Neu naiz Jauna.

17. «Ez eman biderik zeuen barrenean anaiarenganako gorrotoari; baina ez izan herritarra zentzarazteko beldur ere, harengatik bekaturik egin ez dezazuen.

18. Ez hartu mendekurik, ez izan erresuminik herritarrekin. Maitatu lagun hurkoa zeuen burua bezala. Neu naiz Jauna.

19. «Bete itzazue nire legeak. Ez elkar batu bi mota ezberdinetako abereak, ez erein bi mota ezberdinetako haziak, ez jantzi bi mota ezberdinetako ehunez eginiko arroparik.

20. «Norbaitek emakumezko esklabo batekin sexu-harremanak baditu, emakumea beste bati hitzemana zegoelarik eta jaregite-sari bidez edo beste nolabait libre izatera iritsi gabe, kalte-ordaina eman beharko du; baina errudunak ez dituzte heriotzara emango, emakumea ez baitzen librea.

21. Gizonak ahari bat eramango du elkarketa-etxolaren sarrerara, Jaunari ordain-oparitzat eskaintzeko.

22. Ordain-opariko ahariaren bidez, bekatuaren barkamen-ohikunea egingo du apaizak Jaunaren aurrean eta barkatua izango du gizonak bekatua.

23. «Kanaan lurraldean sartuko zaretenean eta fruta-arbolak landatu, arbolen fruitua kutsatutzat edukiko duzue hiru urtez; beraz, ez duzue jango.

24. Laugarren urtean, fruitu guztiak Jaunari sagaratuko dizkiozue gorespen-ospakizun batean.

25. Bosgarren urtetik aurrera jan ahal izango dituzue. Horrela egiten baduzue, gero eta ugariagoak izango dira zuen uztak. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

26. «Ez jan haragia aberea hil duzuen toki berean. Ez jardun aztikeria eta sorginkeriatan.

27. Ez moztu ile-adatsaren ertzak inguru guztian, ezta bizarraren ertzak ere.

28. Ez egin ebakirik soinean dolua adierazteko, ez marraztu tatuajerik larruazalean. Neu naiz Jauna.

29. «Ez desohoratu zeuen alaba prostituzio sakratura bultzatuz, lurraldeko biztanleek beren burua itsuskeria horretara eman ez dezaten.

30. «Errespetatu nik aginduriko atseden-eguna eta izan begirune nire santutegiari. Neu naiz Jauna.

31. «Ez jo nekromanteengana, ez ibili igarleak kontsultatzen, kutsaturik geldi ez zaitezten. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

32. «Zutitu errespeturik handienaz zaharren aurrean; horrela erakutsiko duzue begirune diozuela zeuen Jainkoari. Neu naiz Jauna.

33. «Ez erabili gaizki zuen lurraldera bizitzera etorritako atzerritarra.

34. Bertako bat bezala, zuetako bat bailitzan, hartuko duzue etorkina eta zeuen burua bezala maitatuko, etorkin izan baitzineten zeuek ere Egipton. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

35. «Ez egin bidegabekeriarik, luzera, pisua nahiz edukiera neurtzeko neurri faltsuak erabiliz.

36. Balantza zuzenak, pisu zuzenak eta neurri zuzenak erabiliko dituzue. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa, Egiptotik atera zintuztena.

37. «Bete arretaz nire lege eta erabaki guztiak. Neu naiz Jauna».