Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 4:20-34-49 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

20. Ez dezatela gauza sakraturik ikus, ezta begirada bizkor batez ere, hil nahi ez badute».

21. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

22. «Egizu Gerxonen ondorengoen izen-bilketa ere, senitarteka eta familiaka.

23. Erroldatu hogeita hamar urtetik berrogeita hamar artekoak, elkarketa-etxolako zerbitzua bete dezaten.

24. Hau izango da gerxondarren egitekoa eta eraman behar dutena:

25. egoitzako zapiak, elkarketa-etxola, honen gaineko larru finezko estaldura, elkarketa-etxolaren sarrerako oihala,

26. atariko oihalak, egoitza eta aldarea inguratzen dituen atariaren sarrerako oihala, sokak eta gainerako osagaiak; hori guztia da gerxondarren egitekoa.

27. Aaron eta beronen semeen agindura beteko dute gerxondarrek beren egitekoa, bai beren zerbitzuari, bai eraman behar dituzten gauzei dagokienez.

28. Gerxondarren senitarteek elkarketa-etxolan bete behar duten zerbitzua Aaron apaizaren seme Itamarren gidaritzapean beteko dute.

29. «Egizu Merariren ondorengoen izen-bilketa ere, senitarteka eta familiaka.

30. Erroldatu hogeita hamar urtetik berrogeita hamar artekoak, elkarketa-etxolako zerbitzua bete dezaten.

31. Elkarketa-etxolan izango duten egitekoa eta eraman behar dutena hauxe izango da: egoitzako oholak, zehar-egurrak, zutabeak, oinak,

32. egoitza inguruko atariko zutabeak beren oinekin, hesolak, sokak eta gainerako osagaiak.

33. Meraritarren senitarteek elkarketa-etxolan bete behar duten zerbitzua Aaron apaizaren seme Itamarren gidaritzapean beteko dute».

34-49. Moisesek, Aaronek eta elkarte-arduradunek Kehat, Gerxon eta Merariren ondorengo lebitar guztien izen-bilketa egin zuten, senitarteka eta familiaka. Hogeita hamar urtetik berrogeita hamar artekoak erroldatu zituzten, elkarketa-etxolako zerbitzua bete zezaten. Moisesek eta Aaronek Jaunaren agindura egindako izen-bilketak emaitza hau eman zuen: Kehaten ondorengoak 2.750; Gerxonen ondorengoak 2.630; Merariren ondorengoak 3.200.Beraz, izen-bilketan erroldaturiko lebitar guztiak 8.580 ziren. Bakoitzari zer egin eta zer eraman behar zuen adierazi zitzaion, Jaunak Moisesi aginduaren arabera.

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 4