Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40

Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 26 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Egoitza

1. «Egin egoitza liho-hari bihurrituz eta purpura more, gorri eta gorriminez eginiko hamar zapiz, eta bordatu horietan apain izaki hegaldunak.

2. Zapi guztiak neurri berekoak izango dira: hamalau metro luze eta bi metro zabal.

3. Josi zapiak elkarri bosnako bi sailetan,

4. eta ipini purpura morezko lokarriak bi zapi-sailen ertzetan:

5. berrogeita hamar lokarri ertz bakoitzean, alde batekoak bestekoei egokituz.

6. Egin urrezko berrogeita hamar katigailu ere, zapi-sail bat besteari lotzeko, egoitza osoak bata egin dezan.

7. «Egin ahuntz-ilezko beste hamaika zapi, egoitza estaliko duen oihal-etxola eratzeko.

8. Zapi guztiok neurri berekoak izango dira: hamabost metro luze eta bi metro zabal.

9. Josi zapiak elkarri, bost alde batetik eta sei bestetik; seigarren zapia tolestaturik jarriko duzu oihal-etxolaren aurrealdean.

10. Ipini gero berrogeita hamar lokarri elkarri jositako sail bakoitzaren ertzean.

11. Egin brontzezko berrogeita hamar katigailu ere, eta erantsi lokarriei, oihal-etxola osoak bat egin dezan.

12. Oihal-etxolako zapiak handiagoak direnez, gehiegizkoa duten erdia egoitzaren atzetik zintzilik geldituko da.

13. Zabalean sobera dutena bi alboetatik zintzilik geldituko da —metro erdia alde bakoitzetik—, egoitza estaltzeko.

14. Egin bi estaldura oihal-etxolarako: bata gorriz tindaturiko ahari-larruzkoa, eta honen gainetik bestea, larru finezkoa.

15. «Egin akazia-zurezko oholak egoitzarako eta jarri tente:

16. ohol bakoitza bost metro luze eta hirurogeita hamabost zentimetro zabal izango da;

17. bi mingain izango ditu bakoitzak, ondokoarekin elkartzeko. Horrelakoak egingo dituzu egoitzarako ohol guztiak.

18. Hauetatik hogei hegoaldera jarriko dituzu,

19. azpian zilarrezko berrogei oin dituztela: ohol bakoitzak bi oin beste horrenbeste mingainentzat.

20. Egoitzaren beste aldera, iparraldera, beste hogei ohol jarriko dituzu,

21. azpian zilarrezko berrogei oin dituztela, ohol bakoitzeko bi oin.

22. Egoitzaren atzealdera, mendebaldera, jarri sei ohol,

23. eta beste bi atzealdeko kantoietarako.

24. Ohol hauek behealdean bereiz jarriko dituzu eta gainaldean, lehenengo eraztunaren parean, ongi lotuak. Egin honela bi kantoietarako bi oholak ere.

25. Zortzi ohol hauek zilarrezko hamasei oin izango dituzte, ohol bakoitzeko bi oin.

26. «Egin akazia-zurezko bost zehar-egur egoitzaren alde bateko oholentzat,

27. bost beste aldeko oholentzat eta beste bost atzealdeko, hau da, mendebaldeko, oholentzat.

28. Erdiko zehar-egurrak alderik alde erditik zeharkatuko ditu oholak.

29. Urreztatu oholak eta zehar-egurrak, eta egin urrezko eraztunak, hauetatik zehar-egurrak pasarazteko.

30. Eraiki egoitza, mendian erakutsi zaizun ereduaren arabera.

31. «Egin errezela, purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz ehundua, eta bordatu bertan apain bi izaki hegaldun.

32. Zintzilikatu urrezko lau kakotatik lau zutabeetan: urreztatu zutabeak eta ezarri zilarrezko lau oinen gainean.

33. Zintzilikatu errezela zapien katigailuen pean, eta sartu haren atzean itun-kutxa. Errezelak bereiziko ditu toki santua eta toki santu-santua.

34. Ondoren, ezarri itun-kutxaren gaineko estalkia toki santu-santuan.

35. Ipini mahaia errezelaren aurrealdean, egoitzaren iparraldera, eta argimutila mahaiaren parean, hegoaldera.

36. «Egin etxolaren sarrerarako oihala, purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz apain ehundua.

37. Egin sarrerako oihalarentzat akazia-zurezko bost zutabe; urreztatu zutabeak, hornitu urrezko kakoz, eta urtu brontzezko bost oin zutabeontzat.