Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40

Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

JAINKOAREN ITUNA ISRAEL HERRIAREKIN (19,1—24,11)

Jaunak ituna proposatu israeldarrei

1. Egiptotik atera eta hirugarren hila bete zen egunean iritsi ziren israeldarrak Sinai basamortura.

2. Refidimdik abiaturik, Sinai basamortura heldu ziren, eta han ezarri zuten kanpalekua, mendiaren aurrez aurre.

3. Moises mendira igo zen Jainkoarengana.Jaunak menditik dei egin eta esan zion: «Mintza zakizkie Jakoben ondorengoei, israeldarrei, eta adierazi hau:

4. Ikusi duzue zer egin diedan egiptoarrei, eta nola, arranoak bere kumeak hegaletan bezala hartuz, niregana ekarri zaituztedan.

5. Beraz, nire esana betetzen baduzue eta nire ituna gordetzen, zuek izango zaituztet herri guztien artean neure jabego berezia, nirea baita lur osoa;

6. apaiz-erreinu izango zaituztet, niri sagaraturiko herri. Hau da israeldarrei esango diezuna».

7. Joan zen Moises eta, herri-arduradunei dei eginik, Jaunak agindu guztia adierazi zien.

8. Orduan, herriak aho batez erantzun zuen: «Jaunak agindu guztia beteko dugu».Herriaren erantzuna Jaunari eramatera joan zen Moises.

9. Jaunak esan zion: «Hara, laino itxi batean aurkeztuko natzaizu, herriak zurekin mintzatzen entzun diezadan eta aurrerantzean zuregan ere sinets dezan».Moisesek Jaunari jakinarazi zion herriaren erantzuna.

Jainkoa Sinai mendian agertu

10. Jaunak esan zion Moisesi: «Zoaz eta garbikuntza egin dezala herriak gaur eta bihar: garbi ditzatela arropak

11. eta egon daitezela prest etzirako, orduan jaitsiko bainaiz ni, Jaun hau, Sinai mendira, herri osoaren aurrean.

12. Ezarri mugak mendi inguruan eta esaiozu herriari ez igotzeko mendira, ezta hurbildu ere maldara: mendira hurbiltzen denak heriotza-zigorra izango du.

13. Gizaki nahiz abere, ez da inor bizirik geldituko. Baina ez dio inork errudunari eskua erantsiko, baizik eta harriz edo geziz hilko dute. Turuta jotzean soilik igo ahal izango dira batzuk mendira».

14. Jaitsi zen Moises menditik, eta garbikuntza eginarazi eta arropa garbiarazi zien israeldarrei.

15. Eta esan zien: «Egon zaitezte gertu etzirako. Bitartean ez zaitezte hurbil zeuen emazteengana».

16. Hirugarren eguna argitzean, trumoiak eta tximista, laino itxia eta turuta-hots ozena izan ziren mendi gainean. Beldur-ikaraz gelditu zen herri osoa kanpalekuan.

17. Orduan, Moisesek herria kanpalekutik aterarazi zuen Jainkoarekin aurkitzeko, eta mendi barrenean gelditu ziren.

18. Sinai mendi osoa ketan zegoen, su artean jaitsia baitzen Jauna. Labetik bezala igotzen zen kea eta mendi guztia zegoen dardara batean.

19. Gero eta ozenagoa zen turuta-hotsa: Moises mintzatu eta Jainkoak trumoi-hotsez erantzuten zion.

20. Jauna Sinai mendiaren gailurrera jaitsi eta bertara dei egin zion Moisesi. Igo zen Moises,

21. eta Jaunak esan zion:—Jaitsi eta ohartarazi herriari, ez dadila ni ikusten ahalegindu, asko eta asko hilik eror ez daitezen.

22. Niregana hurbil daitezkeen apaizek beraiek ere egin dezatela garbikuntza, haien artean sarraskirik egin ez dezadan.

23. Moisesek esan zion Jaunari:—Herria ez da ausartuko Sinai mendira igotzera, zuk zeuk ohartarazi baitiguzu eta agindu mendiari mugak ezartzeko eta sakratutzat hartzeko.

24. Baina Jaunak esan zion:—Jaits zaitez eta igo berriro Aaronekin. Baina apaizak eta herria ez daitezela ahalegin niregana igotzen, haien artean sarraskirik egin ez dezadan.

25. Jaitsi zen Moises eta israeldarrei hitz egin zien.