Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40

Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 34 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Legearen harlauza berriak

1. Jaunak esan zion Moisesi: «Ebaki lehengoak bezalako beste bi harlauza, hautsi zenituen harlauzetan idatzirik zeuden hitz berberak idatz ditzadan.

2. Egon prest bihar goizean mendira igotzeko; nire aurrean aurkeztuko zara han, mendi-gailurrean.

3. Ez dadila inor zurekin igo, ezta agertu ere mendi aldera; ez dadila ardi nahiz behirik larrean ibil mendi inguruan».

4. Moisesek lehengoak bezalako bi harlauza ebaki zituen. Eta biharamunean, goizean goiz, harlauza biak harturik, Sinai mendira igo zen, Jaunak agindu bezala.

Jainkoa Moisesi agertu

5. Orduan, Jainko Jauna laino batean jaitsi eta Moisesekin egon zen, eta bere izena hots egin zuen: «Jauna».

6. Moisesen aurretik igaro zen, honela hots eginez: «Jauna! Jauna! Jainko bihozbera eta errukiorra, haserregaitza eta onginahiz eta leialtasunez betea!

7. Mila belaunalditaraino onginahiari eusten diona; gaiztakeria, errebeldia eta bekatua barkatzen dituena; ez, ordea, erruduna zigor gabe uzten, baizik eta gurasoen gaiztakeria seme-alabengan eta seme-alaben seme-alabengan zigortzen duena, hirugarren eta laugarren belaunaldiraino».

8. Bat-batean, lurreraino ahuspeztu zen Moises,

9. eta esan zuen: «Jauna, gogoko banauzu, zatoz gurekin, arren! Herri hau burugogorra da, bai; baina zuk barkatu gure gaiztakeria eta bekatua, eta har gaitzazu zeure ondaretzat».

Itunerako baldintzak

10. Jaunak esan zuen: «Begira, ituna egingo dut orain zure herri osoarekin. Lurreko inongo herritan gertatu ez diren bezalako gauza harrigarriak egingo ditut, eta inguruan duzun herri osoak ikusiko du Jaunak egin dezakeena, izugarria baita zure bitartez egingo dudana.

11. «Bete ezazue gaur agintzen dizuedana, eta neuk botako ditut zuen aurretik amortar, kanaandar, hitita, periztar, hibiar eta jebustarrak.

12. «Ez gero hitzarmenik egin sartuko zareten lurraldeko biztanleekin, erorbide gerta ez dakizuen.

13. Aitzitik, bota itzazue haien aldareak, apurtu zutarri sakratuak eta hautsi zutoin sakratuak.

14. Ez ahuspeztu beste jainkoen aurrean, Jauna jeloskorra baita eta Jainko jeloskor du izena.

15. Bestela, zuek lurralde hartako biztanleekin hitzarmena egingo bazenute, haiek, beren sasikultuak egitean eta beren jainkoei opariak eskaintzean, zuek ere gonbidatuko zintuzketete eta haien oparietatik jango zenukete;

16. edota zeuen semeak haien alabekin ezkonduko zenituzkete, eta hauek, beren jainkoen ohorez kultua egitean, zuen semeak ere sasikultura erakarriko lituzkete.

17. «Ez egin metal urtuzko idolorik.

18. «Ospatu Legamia gabeko Ogien Jaia: nik agindu bezala, zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue, Abib hilean, ezarritako egunetan, hil horretan atera baitzineten Egiptotik.

19. «Zuen lehen-semeak oro nireak dira, baita lehen abere-kume arrak ere, zekor nahiz arkume.

20. Lehen-astakumea arkume edo antxumearekin trukatuko duzue; trukatzen ez baduzue, hil egingo duzue, lepoa hautsiz. Zuen lehen-semeak oro berreskuratu egingo dituzue, ordezko eskaintza eginez. Ez da inor nire aurrera esku-hutsik agertuko.

21. «Egin lan sei egunez, baina hartu atseden zazpigarrenean, baita ereintza-garaian eta uztaroan ere.

22. «Ospatu Asteen Jaia, gari-uztaren lehen fruituena eta urteburuko uzta-biltzearena.

23. «Gizaseme guztiak urtean hiru aldiz aurkeztuko dira Israelgo Jainko Jaunaren aurrera.

24. «Zuen aurretik bota egingo ditut atzerritarrak, eta zuen lurraldea hedatuko. Horrezkero, ez du inork zuen lurraldeaz jabetzeko irrikarik izango, zeuen Jainko Jaunaren aurrean urtean hiru aldiz aurkeztuko zaretenean.

25. «Ez eskaini sakrifizioetako abere-odolik ogi harrotuarekin batera, ezta gorde ere hurrengo egunerako Pazko-jaiko abere hilik.

26. «Eraman zeuen lurreko lehen fruituak Jaunaren, zeuen Jainkoaren, etxera.«Ez egosi antxumerik bere amaren esnetan».

27. Jaunak esan zion Moisesi: «Idatzi agindu horiek, horiek baitira zurekin eta israeldarrekin egiten dudan itunaren muina».

28. Berrogei egun eta berrogei gau egon zen Moises mendian Jaunarekin. Ez zuen ezer jan, ez edan. Han idatzi zituen harlauzetan itunaren xedapenak, hamar aginduak.

Moises kanpalekura itzuli

29. Ondoren, Moises Sinai menditik jaitsi zen, legearen bi harlauzak eskuan zeramatzala. Ez zekien aurpegia distiratsu zuenik, Jaunarekin mintzatu izanagatik.

30. Aaronek eta israeldar guztiek ikusi zuten Moisesek aurpegia distiratsu zuela, eta beldur ziren harengana hurbiltzeko.

31. Moisesek dei eginik, Aaron eta elkarteko buruzagiak hurbildu zitzaizkion, eta Moises hizketan hasi zitzaien.

32. Ondoren, israeldar guztiak hurbildu zitzaizkion, eta Jaunak mendian emandako agindu guztiak adierazi zizkien Moisesek.

33. Hitz egiten amaitu zuenean, zapi batez estali zuen aurpegia.

34. Jaunarekin mintzatzeko beraren aurrera sartzen zenean, zapia kentzen zuen irten arte. Ateratzean, Jaunak agindua adierazten zien israeldarrei.

35. Israeldarrek Moisesen aurpegia distiratsu ikusten zutenez, zapi batez estaltzen zuen, Jaunarekin berriro mintzatzera sartu arte.