Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10

Itun Zaharra

Itun Berria

Esdras 6 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Dario erregearen erantzuna

1. Orduan, Dario erregeak, Babiloniako errege-artxiboan aztertzeko agindu zuen.

2. Mediako eskualdean dagoen Ekbatana hiri gotorrean agiri bat aurkitu zuten, eta bertan txosten hau zegoen idatzia:

3. «Bere erregealdiaren lehen urtean, Ziro erregeak agindu hau eman du Jerusalemgo Jainkoaren etxeari buruz: eraiki bedi berriro Jerusalemen Jainkoaren etxea, opariak eskaintzen diren eta lehengo zimentarrien toki berean; hogeita zazpi metro izango da gora eta beste horrenbeste zabal.

4. Hiru ilara izango ditu harlanduzkoak, eta bat zurezkoa. Gastuak, berriz, errege-altxortegiaren gain joango dira.

5. Gainera, Jerusalemera itzuliko dituzte eta beren tokian, Jainkoaren etxean, ipiniko Nabukodonosorrek Jerusalemgo tenplutik kendu eta Babiloniara eraman zituen Jainkoaren etxeko urre eta zilarrezko ontziak».Honela, bada, Dario erregeak agindu hau eman zuen:

6. «Tatenai, Eufrates ibaiaren mendebaldeko gobernari, Xetar-Boznai eta funtzionario-lagunok! Ez sartu arazo horretan.

7. Utzi Jainkoaren etxe horretako lanak egiten; eraiki dezatela etxea juduen gobernariak eta arduradunek lehengo toki berean.

8. Hona nola jokatu behar duzuen Jainkoaren etxea eraikitzen ari diren arduradunekin: gizon horien gastuak Eufrates ibaiaren mendebaldeko eskualdean bildutako erregearen zerga-dirutik ordainduko dira zehatz-mehatz eta etengabe.

9. Egunero, huts egin gabe, emango zaie zeruetako Jainkoari erre-opariak eskaintzeko behar duten guztia, Jerusalemgo apaizek esanari jarraituz: zezen gazteak, ahariak eta bildotsak; baita garia, gatza, ardoa eta olioa ere.

10. Horrela, opari atsegingarriak eskaini ahal izango dizkiote zeruetako Jainkoari, eta erregearen eta honen semeen osasunerako otoitz egingo dute.

11. Beste hau ere agintzen dut: norbait nire agindu honetatik aldentzen bada, beraren etxetik habe bat kendu, zorroztu eta sar dezatela bertan, beraren etxea zabor-pila bihurtuz.

12. Nire erabakiak gutxietsiz, Jerusalemgo Jainkoaren etxea hondatzeko eskua luzatzen duen edozein errege edo herri eraitsi dezala bertan bizi den Jainkoak. Neuk, Dariok, ematen dut agindu hau; bete bedi zehatz-mehatz».

13. Eufrates ibaiaren mendebaldeko gobernari Tatenaik, Xetar-Boznaik eta berauen funtzionario-lagunek zehatz-mehatz bete zuten Dario erregeak agindua.

Tenpluaren sagarapena

14. Juduen arduradunek etxegintza-lanak ongi zeramatzaten aurrera, Ageo profetaren eta Idoren seme Zakariasen hitzak adoreturik; eraiki zuten azkenik etxea, Israelgo Jainkoaren eta Pertsiako Ziro, Dario eta Artaxerxes erregeen aginduen arabera.

15. Etxea Adar hilaren hogeita hiruan bukatu zuten, Darioren erregealdiko seigarren urtean.

16. Israeldarrek, apaizek, lebitarrek eta erbestetik etorritako beste guztiek pozik ospatu zuten Jainkoaren etxearen sagarapen-jaia.

17. Jaietan ehun zezen eskaini zituzten, berrehun ahari, laurehun bildots eta hamabi aker, Israelgo leinu bakoitzeko bat, Israel osoaren bekatuen barkamena eskatuz.

18. Apaizak beren mailetan eta lebitarrak beren taldeetan jarri zituzten, Jerusalemgo Jainkoaren zerbitzurako, Moisesen liburuan idatzia dagoen bezala.

Juduak Pazko-jaia ospatu

19. Erbestetik etorriek lehen hilaren hamalauan ospatu zuten Pazkoa.

20. Apaizek eta lebitarrek, guztiek batera, garbikuntza-ohikuneak beteak zituzten; beraz, garbi zeuden denak. Horrela, erbestetik etorritako guztientzat, beren ahaide apaizentzat eta berentzat hil ahal izan zituzten Pazko-bildotsak.

21. Erbestealditik etorritako israeldar guztiek jan zuten Pazko-afaria; baita, bertako jentilekiko harremanak hautsiz, Israelen Jainkoa gurtzeko elkartu zitzaizkienek ere.

22. Hurrengo zazpi egunetan pozik ospatu zuten Legamia gabeko Ogien Jaia. Poz-pozik zeuden Jaunak Asiriako erregea beraien alde jarri eta beraiek Israelgo Jainkoaren etxean lan egiteko kemenez bete zituelako.