Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10

Itun Zaharra

Itun Berria

Esdras 9 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Emakume atzerritarrekin ezkontzak

1. Geroago, buruzagi batzuek hurbildu eta esan zidaten: «Israel herria, apaizak eta lebitarrak nahastu egin dira lurralde honetako jendearekin: kanaandar, hitita, periztar, jebustar, amondar, moabdar, egiptoar eta amortarrekin, eta berauen erlijio-ohitura higuingarrietan erori dira.

2. Emazte atzerritarrak hartu dituzte berentzat eta beren semeentzat; arraza santua lurralde honetako jendearekin nahastu da. Buruzagiak eta handikiak izan dira lehenengoak desleialtasun honetan».

3. Gauza hauek entzutean, urratu egin nituen neure jantziak eta soingainekoa, moztu ilea eta bizarra, eta lur jota gelditu nintzen.

4. Erbestetik etorritakoen desleialtasuna izugarria zela eta, Israelen Jainkoaren hitzari begirune zioten guztiak nire ondoan bildu ziren. Ni, lur jota, eserita egon nintzen arratsaldeko oparia arte.

5. Arratsaldeko opari-garaian atera nintzen nahigabealditik; soinekoa eta soingainekoa urraturik nituela, belauniko jarri eta Jaunarengana, neure Jainkoarengana, luzatu nituen eskuak,

6. eta esan nion: «Ene Jainko, lotsa gorrian nago begiak zuregana jasotzeko; geure bekatuek buruz gain egin digute eta gure errua zerurainokoa da.

7. Gure gurasoen egunetatik gaurdaino handia izan da gure errua; geure bekatuengatik, atzerriko erregeek menderatu egin gaituzte geu eta gure errege eta apaizak; ezpata eta gatibualdia, harrapakeria eta lotsa gorria jasan behar izan dugu, eta horixe da gaurko gure egoera.

8. Baina orain, une batez, mesede egin diguzu, Jauna, geure Jainkoa: herriaren zati bat bizirik atera duzu eta zure toki santuan bizitzen utzi diguzu; gure Jainkoa, argitu egin dituzu gure begiak eta arnasa eman geure esklabotzan.

9. Esklabo baikara; baina zuk ez gaituzu bazter utzi geure esklabotzan. Pertsiako erregeen onginahia geureganatu diguzu; biziberritu egin gaituzu, gure Jainko horren etxea eraiki eta berorren horma eroriak jasotzeko, Judan eta Jerusalemen babesa aurki dezagun.

10. «Eta orain, gure Jainko, zer esan hori guztia ikusita? Bazter utzi ditugu zure aginduak,

11. zure zerbitzari profeten bidez emanak. Haiek esan baitziguten: “Orain jabetzan hartzeko zaudeten lurraldea kutsaturik dago, bertako herriek beren erlijio-ohitura higuingarriez bete baitute eta kutsatu.

12. Beraz, ez ezkondu haiekin zeuen seme-alabak, ez egin bakeak behin ere haiekin, ez bila haien onik; horrela, indartsu izango zarete, zeuenak izango dituzue lurreko ondasunak eta lurraldea zeuen seme-alabei utziko diezue betiko ondaretzat”.

13. Zorigaitz guztiak geure egintza gaizto eta erru handiengatik gertatu zaizkigu. Hala ere, zuk, gure Jainko horrek, gure bekatuek merezi baino gutxiago zigortu gaituzu, eta bizirik atera gaituzu hemen gaudenok.

14. Eta orain, hautsi egingo ote ditugu berriro zure aginduak, ohitura hain higuingarriak dituen jende horrekin ezkontzaz elkartuz? Ez ote zinateke gurekin haserretuko, gu galtzeraino, inortxo ere bizirik utzi gabe?

15. Jauna, Israelgo Jainkoa, leiala zarelako geratzen gara oraindik talde bat bizirik. Hona hemen gu zure aurrean, geure erru eta guzti, zure aurrera aurkezteko dina ez bagara ere».