Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10

Itun Zaharra

Itun Berria

Esdras 8 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Esdrasen lagunak

1. Hauexek dira Artaxerxesen erregealdian Babiloniatik nirekin etorri ziren familiaburuak, beren jatorriekin:

2. Pinhasen ondorengoetatik Gerxom; Itamarren ondorengoetatik Daniel; Daviden ondorengoetatik Hatux,

3. Xekaniasen semea; Paroxen ondorengoetatik Zakarias: honekin ehun eta berrogeita hamar gizon erroldatu ziren;

4. Pahat-Moaben ondorengoetatik Elihoenai, Zerahiasen semea, beste berrehun gizonekin;

5. Zaturen ondorengoetatik Xekanias, Jahazielen semea, hirurehun gizonekin;

6. Adinen ondorengoetatik Ebed, Jonatanen semea, beste berrogeita hamar gizonekin;

7. Elamen ondorengoetatik Isaias, Ataliasen semea, beste hirurogeita hamar gizonekin;

8. Xefatiasen ondorengoetatik Zebadias, Mikaelen semea, beste laurogei gizonekin;

9. Joaben ondorengoetatik, Obadias, Jehielen semea, beste berrehun eta hemezortzi gizonekin;

10. Baniren ondorengoetatik Xelomit, Josifiasen semea, beste ehun eta hirurogei gizonekin;

11. Bebairen ondorengoetatik Zakarias, Bebairen semea, beste hogeita zortzi gizonekin;

12. Azgaden ondorengoetatik Johanan, Hakatanen semea, beste ehun eta hamar gizonekin;

13. Adonikamen ondorengoetatik azken ondorengoak ziren Elifelet, Jeiel eta Xemaias, beste hirurogei gizonekin,

14. eta Bigbairen ondorengoetatik Utai eta Zakur, beste hirurogeita hamar gizonekin.

Esdras Jerusalemera bidean

15. Ahabara doan ibaiaren ondoan bildu nituen gizon horiek, eta han gelditu ginen hiru egunez. Herriko jendea eta apaizak han zeudela ohartu nintzen, baina ez nuen lebitarrik aurkitu.

16. Orduan, buruzagi hauek bildu nituen: Eliezer, Ariel, Xemaias, Elnatan, Jarib, Elnatan, Natan, Zakarias, Mexulam, eta Joiarib eta Elnatan irakasleak.

17. Kasifia deritzan tokiko Ido buruzagiagana joateko agindu nien, eta Idori eta honen ahaide laguntzaileei Kasifian esan behar zietena adierazi nien, gure Jainkoaren etxerako zerbitzariak bidaltzeko eskatuz.

18. Geure Jainkoa lagun baikenuen, gizon aditu bat bidali ziguten: Xerebias, Israelen biloba eta Lebiren seme zen Mahliren ondorengoetakoa, bere seme eta anaiekin; guztira hemezortzi lagun.

19. Haxabias eta Isaias ere, Merariren semeak, bidali zizkiguten, beren seme eta anaiekin; guztira hogei lagun;

20. azkenik, lebitarren zerbitzurako Davidek eta buruzagiek emandako laguntzaileen artetik berrehun eta hogei. Denen izenak idatziak gelditu ziren.

21. Hantxe, Ahaba ibaiaren ondoan, baraua aldarrikatu nuen, gure Jainkoaren aurrean geure buruak apaltzearren, geuk eta gure seme-alabek, geure ondasun eta guzti, bidaia ona egin ahal genezan.

22. Lotsatu egiten bainintzen, bidean etsaiengandik babesteko, erregeari gudari-talde bat eta zaldizkoak eskatzen; izan ere, esana genion erregeari: «Laguntzen die gure Jainkoak bera zerbitzatzen dutenei, baina biziki haserretzen da bera bazter uzten dutenekin».

23. Gure Jainkoari mesede hau eskatuz egin genuen barau, eta entzun egin zigun.

24. Gero, apaizburuetako hamabi aukeratu nituen; baita Xerebias eta Haxabias ere, beren hamar ahaideekin.

25. Eta haien aurrean pisatu nituen, erregeak, beronen kontseilari eta buruzagiek eta Babilonian bizi ziren israeldarrek gure Jainkoaren etxerako eman zituzten zilar, urre eta ontziak.

26. Hogeita biren bat mila kilo zilar, zilarrezko ehun ontzi eta hiru mila eta laurehunen bat kilo urre pisatu eta eskuratu nizkien;

27. gainera, urrezko hogei kopa, zortzi kilo eta erdi guztira, eta brontze garbizko bi ontzi, urrea bezain baliotsuak.

28. Eta esan nien: «Jaunari sagaratuak zarete; baita ontzi hauek ere; urre eta zilar hauek jendeak bere borondatez zuen gurasoen Jainko Jaunari eskainiak dira.

29. Zaindu eta gorde, Jerusalemera iritsi eta Jaunaren etxeko aretoetan, apaiz, lebitar eta Israelgo familiaburuen aurrean pisatuko dituzuen arte».

30. Orduan, apaizek eta lebitarrek hartu egin zituzten pisaturiko zilarra, urrea eta ontziak, Jerusalemera, gure Jainkoaren etxera, eramateko.

Jerusalemera iritsi

31. Lehenengo hilaren hamabian abiatu ginen Ahaba ibaitik Jerusalemera. Jainkoa lagun baikenuen, onik atera gintuen etsai eta bidelapurrengandik.

32. Jerusalemera iritsi eta hiru egunez atseden hartu genuen.

33. Laugarren egunean pisatu genituen zilarra, urrea eta ontziak geure Jainkoaren etxean, eta Uriasen seme Meremot apaizaren esku utzi genituen; Uriasekin zeuden Pinhasen seme Eleazar eta Josueren seme Jozabad eta Binuiren seme Noadias lebitarrak ere.

34. Guztia zenbatu eta pisatu ondoren, idatziz jasoa gelditu zen.

35. Gatibualditik zetozen erbesteratuek erre-opariak eskaini zizkioten Israelgo Jainkoari: hamabi zezen Israel osoaren alde, laurogeita hamasei ahari, hirurogeita hamazazpi bildots eta hamabi aker bekatuen barkamenerako: guztiak Jaunari erre-oparitzat eskainiak.

36. Gero, errege-funtzionario eta Eufrates ibaiaren mendebaldeko gobernariei erregearen erabakiak eman zizkieten, eta haiek herriari eta Jainkoaren etxeari laguntza handiak eman zizkieten.