Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15

Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 1 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

EGIPTOKO JUDUEI ZUZENDURIKO GUTUNAK ETA IDAZLEAREN HITZAURREA (1,1—2,32)

Lehen gutuna

1. «Jerusalemen eta Judea herrialdean bizi garen juduok Egipton bizi zareten senide juduok agurtzen zaituztegu, bakea eta zoriona opa izanez.

2. Bete zaitzatela Jaunak ondasunez eta oroit dadila bere zerbitzari leial Abraham, Isaak eta Jakobekin egin zuen itunaz.

3. Eman biezazue denoi kemena bera gurtzeko eta beraren nahia bihotz-bihotzez eta gogo onez egiteko.

4. Ireki beza zuen bihotza beraren legea eta aginduak onartzeko, eta eman biezazue bakea.

5. Entzun bitza zuen eskariak eta adiskidetu bedi zuekin, eta ez zaitzatela baztertu aldi txarretan.

6. Hauxe da une honetan zuentzat eskatzen ari garena.

7. «Demetrio errege zela, ehun eta hirurogeita bederatzigarren urtean, guk, juduok, idatzia genizuen honako hau: “Hondamen eta larrialdi handiak erori dira gure gainera urte hauetan. Jasonek eta beronen aldekoek lur santuari eta erreinuari traizio egin,

8. tenpluko ate handiari su eman eta errugabeen odola isuri zuten. Guk Jainkoari otoitz egin eta entzun digu. Sakrifizioa eta irin garbia eskaini dizkiogu, kriseiluak piztu eta eskaintzeko ogiak aurkeztu”.

9. Kisleu hilean Etxola Jaia ospa dezazuen idazten dizuegu orain, ehun eta laurogeita zortzigarren urtean.

Bigarren gutuna

10. «Jerusalemen eta Judean bizi garenok, arduradunek eta Judas Makabearrak, Ptolomeo erregearen kontseilari eta apaiz gantzutuen jatorriko den Aristobulori eta Egiptoko juduei, agur eta zorion!

Antiokoren heriotzagatik juduek Jainkoa goretsi

11. «Arrisku handietatik salbatu gaitu Jainkoak; horregatik, eskerrik beroenak ematen dizkiogu, Antioko erregearen kontrako borrokan lagundu digulako,

12. Jainkoak bota egin baititu kanpora Hiri Santuari erasotzen ziotenak.

13. Izan ere, beraien erregea, menderagaitza zirudien gudarostearekin Pertsiara heldu zenean, sarraskitu egin zuten Nanea jainkosaren jauretxean, Nanearen apaizek asmaturiko azpikeriari esker.

14. Antioko bere adiskideekin jauretxe hartara joan zen, jainkosarekin ezkontzeko aitzakiaz, horrela, ezkonsaritzat hango aberastasunak hartuko zituelakoan.

15. Nanearen jauretxeko apaizek agerian jarri zituzten aberastasunak eta, bere taldeko batzuekin erregea jauretxe barrura sartu zenean, apaizek itxi egin zuten jauretxea.

16. Orduan, sabaiko ate ezkutua ireki eta, harrika, zanpatu egin zituzten erregea eta beronen lagunak. Ondoren, zatikatu eta burua mozturik, kanpoan zeudenei jaurti zizkieten puskak.

17. Izan bedi goretsia gauza guztietan gure Jainkoa, sakrilegioa egin zutenak horrela galdu zituelako!

Su sakratuak miragarriro iraun

18. «Kisleu hilaren hogeita bostean tenpluaren Garbikuntza Jaia ospatuko dugu. Zuei honen berri ematea egoki iruditu zaigu, zuek ere Etxola Jaia eta suaren jaia ospa ditzazuen. Horrela, Nehemiasek tenplua eta aldarea berreraiki eta sakrifizioak eskaini zitueneko garaia gogoratzen dugu.

19. Izan ere, gure arbasoak Pertsiara erbesteratu zituztenean, orduko apaiz jainkozaleek aldaretik sua hartu eta, inork jakin gabe, urik gabeko putzu handi baten antzeko osin-zulo batean gorde zuten eta bertan seguru utzi, toki haren berri inork ere ez jakiteko eran.

20. Anitz urteren buruan, Jainkoak nahi izan zuenean, Nehemiasek, Pertsiako erregeak bidalirik, su hura bilatzeko agindu zien, gorde zuten apaiz haien ondorengoei. Haiek, esandako sua ez, baizik eta isurki lodia aurkitu zuten. Atera eta eramateko agindu zien Nehemiasek.

21. Sakrifiziorako dena prest egon zenean, egurra eta egur gainean ezarritako oparigaiak isurki harekin zirtatzeko agindu zien apaizei Nehemiasek.

22. Hala egin zuten. Aldi baten buruan, ordu arte lainopean egoniko eguzkiak jo zuenean, izugarrizko sugarra piztu zen. Denak erabat harriturik gelditu ziren.

23. Eta oparigaiak erre bitartean, apaizek otoitz egin zuten, baita bertan zen jendeak ere apaizekin batera. Jonatanek ematen zuen hasiera, eta gainerakoek, Nehemiasek ere bai, erantzun.

24. Hona hemen otoitza: “Jauna, Jainko Jauna, gauza guztien egilea, izugarria, indartsua, zuzena, errukitsua; zu zara errege bakarra, zu on bakarra.

25. Zu zara emaile bakarra, zu zuzen bakarra, ahalguztiduna eta betikoa! Zuk salbatzen duzu Israel gaitz orotatik. Zuk hautatu zenituen gure arbasoak eta santu egin.

26. Onartzazu zeure herri Israel osoaren alde eskaintzen dizugun oparia. Zaindu zeure ondare hau eta egin santu.

27. Bil itzazu sakabanatuak dauden gutarrak, askatu jentilen artean esklabo daudenak, begira onez arbuiatuak eta higuingarritzat bazterturik daudenak. Eta horrela, jakin dezatela nazio guztiek zu zarela gure Jainkoa.

28. Zigor itzazu zapaltzen eta harrokeriaz iraintzen gaituztenak.

29. Landatu zeure herria zeure toki santuan, Moisesek esan bezala”.

30. «Bitartean, apaizek gorazarreak kantatzen zituzten.

31. Oparigaiak erre zirenean, sobera gelditutako isurkia harri handi batzuen gainera isurtzeko agindu zuen Nehemiasek.

32. Hori egitean, sugarra piztu zen; baina aurrean distiratzen zuen argiak, aldaretik atera eta irentsi egin zuen sua.

33. Zabaldu zen gertakari honen berri eta Pertsiako erregeari ere esan zioten, erbesteratutako apaizek sua gordea zuten tokian isurkia agertu zela eta Nehemiasen lagunek isurki harekin oparigaiei su eman eta sagaratu egin zituztela.

34. Gertatua egiaztatu ondoren, erregeak hesia ezarri zuen eta toki hura sakratutzat eman.

35. Erregeak ondasun handiak jaso zituen eta mesede egin nahi zienen artean banatu.

36. Nehemiasen lagunek “neftar” esan zioten isurki hari, hau da, garbikuntza; baina gehienek “nafta” esan ohi diote.