Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15

Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 3 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

APAIZGO NAGUSIA IRISTEKO BORROKA (3,1—4,50)

Heliodoro, erregearen zerbitzaria, Jerusalemera

1. Onias apaiz nagusiaren jainkozaletasun eta zuzentasunari esker, Hiri Santuan bake-bakean bizi ziren eta legeak erabat betetzen zituzten.

2. Aldi hartan, erregeek ere ohoratu egiten zuten toki santua eta esku-erakutsi bikainak bidali ohi zituzten.

3. Asiako errege Seleukok berak ere opariak eskaintzeko gastuak bere irabazietatik ordaindu ohi zituen.

4. Baina Bilgaren senitartekoa zen eta tenpluko zerbitzari egin zuten Simon izeneko batek eztabaidak izan zituen apaiz nagusiarekin, hiriko merkatuaren administrazioari buruz.

5. Apaiz nagusia makurrarazi ezin zuela ikusirik, aldi hartan Koele-Siria eta Feniziako gobernaria zen Tarsoko Apoloniogana jo zuen Simonek;

6. eta esan zion, Jerusalemgo altxortegia ezin konta ahalako aberastasunez betea zegoela, oparietako gastuetarako behar zena baino gehiago, eta erregea egin zitekeela berorien jabe.

7. Apoloniok, berriz, erregearekin izan zuen hizketaldi batean, aberastasun haiei buruz esan ziotena jakinarazi zion. Orduan, erregeak Heliodoro zerbitzari nagusia deitu eta Jerusalemera bidali zuen, aipaturiko aberastasun haiek bahitzeko agindurik.

8. Berehala abiatu zen Heliodoro, Koele-Siria eta Feniziako hiriak ikustera zihoaneko aitzakiaz, baina, egiaz, erregearen aginduak bete nahirik.

9. Jerusalemera heltzean, ongietorria egin zioten bai apaiz nagusiak, bai hiritarrek. Heliodorok aditzera eman zuen altxortegiaz jakinarazi ziotena eta zein zen bera han izatearen zergatia. Eta gauzak horrela ziren galdetu zuen gero.

10. Apaiz nagusiak, orduan, altxortegiko dirutza alargunei eta umezurtzei zegokiena zela adierazi zion,

11. eta zati bat Tobiasen seme Hirkanorena, goi-mailako pertsonaia batena, zela; guztira hamaika mila kilo zilar eta bost mila eta bostehun kilo urre zegoela altxortegian, eta ez Simon zital hark gezurretan esan zuena.

12. Azkenik, esan zion ezin zitzaiela inolako kalterik egin beren konfiantza toki haren santutasunean eta mundu osoan ohoratua den tenpluaren handitasun ukiezinean jarri zutenei.

13. Heliodorok, ordea, erregearen aginduak zirela eta, aberastasun haiek erregearen altxortegirako bahitu beharrekoak zirela zioen gogor.

Jerusalem asaldatua

14. Esaniko egunean, Heliodorok tenpluan sartu nahi zuen hango aberastasunen ikerketa egitera. Nahigabe handia hedatu zen hiri osoan.

15. Apaizek, beren jantzi bereziak soinean zituztela, aldare aitzinean ahuspeztu eta dei zegioten Jainkoari, beronek emanak baitziren diruzaintzari buruzko legeak. Eta dirutza hura tenpluan gorde zutenentzat osorik zaintzeko eskatzen zioten.

16. Apaiz nagusiaren itxura ikusteak erdibitu egiten zuen bihotza, haren aurpegiak eta kolore zurbilak beraren barruko nahigabea agertzen baitzuten.

17. Erabat izutua zegoen eta gorputza dar-dar, bihotzean nolako atsekabea zuen begira zeudenek igartzeko eran.

18. Jendea multzoka ateratzen zen etxeetatik, toki santuari gainera zetorkion irainaldia urrun zedin elkarrekin otoitz egitera.

19. Emakumeak, bularpeak zakukiz loturik, kalea betean zebiltzan, eta gorderik egon ohi ziren neskak ere, batzuk ateetara zihoazen lasterka, beste batzuk harresi gainera igotzen ziren eta beste batzuk leihoetara ateratzen.

20. Emakume guztiek, eskuak zerurantz jasorik, otoitz egiten zuten.

21. Errukia ematen zuen jendetza hura nahasian ahuspeztua eta apaiz nagusia larri eta nahigabetua ikusteak.

22. Hala ere, tenpluaren babespean gorde zituzten ondasunak osorik eta seguru zaintzeko Jaun ahalguztidunari denak eske ari zitzaizkion bitartean,

23. Heliodoro bere erabakia bete nahian zebilen.

Heliodoro zigortua

24. Hurbildu zen, beraz, Heliodoro bere zaintzaileekin tenpluko altxortegira. Une hartan, espirituen Jaun eta aginte guztien Nagusiak bere handitasuna agertu zuen. Eta toki hartara sartzeko ausardia izan zutenak, Jainkoaren indarrak izuturik, kemenik eta adorerik gabe gelditu ziren.

25. Izan ere, oso apain txalmatua eta gainean zaldun beldurgarria zeraman zaldia agertu zitzaien. Bizkor oldartuz, zaldiak aurreko besoak jaso zituen Heliodororen aurka. Zaldi gainekoak urrezko bular-oskola zeramala zirudien.

26. Aldi berean, bi gizon gazte agertu zitzaizkion Heliodorori; oso indartsuak eta ederrak ziren, soineko bikainez jantziak. Alde banatan jarririk, zigorkatu egin zuten etengabe, astin-astin egina utzi arte.

27. Heliodoro lurrera erori zen zerraldo, ilunpe handiak inguratua. Orduan, jaso eta ohatila batean ezarri zuten.

28. Eta aipaturiko altxortegira talde handiarekin eta bere zaintzaileekin sartu berria zen gizon hura han eraman zuten, bere buruaz baliatzeko gauza ez zela. Horrela, argi-argi ikusi zuten denek Jainkoaren nagusigoa.

29. Jainkoaren indarrak joa, han zegoen Heliodoro hitzik gabe eta salbatzeko itxaropenik gabe.

30. Besteek, berriz, Jauna goresten zuten, bere toki santua aintzaz bete zuelako. Eta lehentxeago ikaraz eta beldurrez betea zegoen tenplua, Jaun ahalguztidunaren agerkundearen ondoren, bozkarioz eta alaitasunez bete zen.

Onias apaiz nagusiak Heliodororen alde otoitz egin

31. Heliodororen lagunetako batzuek Onias apaiz nagusiagana jo zuten bizkor, azkenetan zegoen hari bizitzeko aukera emateko Goi-goikoari otoitz egin ziezaion eskatzera.

32. Heliodorori gertatua, juduek maltzurkeriaz egina zela erregeak uste izango zuen beldurrez, apaiz nagusiak oparia eskaini zuen, gizon hura senda zedin.

33. Apaiz nagusia haren alde barkamen-ohikunea egiten ari zen bitartean, lehengo bi gazteak agertu zitzaizkion Heliodorori, jantzi berberak soinean zituztela eta, beraren aurrean zutik, esan zioten: «Emazkiok benetan eskerrak Onias apaiz nagusiari, berari esker ematen baitik Jaunak bizitzeko aukera.

34. Jainkoak zigortu egin hau; orain, jakinarazi denei zein handia den Jainkoaren indarra». Hau esanik, desagertu egin ziren gazteak.

Heliodorok Jainkoaren indarra aitortu

35. Bizirik irauteko mesedea egin zion Jaunari oparia eskaini eta otoitz sutsua egin ondoren, Oniasi agur egin eta bere gudarostearekin erregeagana itzuli zen Heliodoro.

36. Eta bere begiz ikusiak zituen Jainko guztiz handiaren egintzak aitortzen zizkien denei.

37. Jerusalemera berriro bidaltzeko egokiena zein izan zitekeen galdegin zion erregeak. Heliodorok erantzun:

38. «Etsairen bat nahiz zure gobernuaren kontra dagoenen bat baldin baduzu, bidal ezazu hara. Bizirik ateratzen bada, erabat zigorkatua etorriko zaizu, toki hura benetan Jainkoaren indarrez inguratua baitago.

39. Izan ere, bere bizilekua zeruan duenak zaintzen eta babesten du toki hura, eta heriotzaz zigortzen toki hartara asmo txarrez doazenak».

40. Hauek izan ziren Heliodorori eta altxorra zaintzeari buruzko gorabeherak.