Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15

Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 15 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Juduei erasotzeko asmoa Nikanorrek

1. Judasen gizonak Samaria aldean zirela jakitean, Nikanorrek larunbatez, atseden-egunez, erasotzea erabaki zuen, inolako arriskuren beldurrik gabe.

2. Nikanorrekin, beharturik, zihoazen juduek esan zioten: «Ez itzazu hil era anker eta basati horretan. Errespeta ezazu dena ikusten duenak aukeratu eta santutu duen eguna».

3. Maltzur handi hark, ordea, galdetu zuen ba ote zen zeruan larunbata jai egiteko agindu zuen Nagusirik.

4. Juduek erantzun zioten: «Bizi den Jaunak berak, zeruko Nagusiak, agindu du larunbata jai egiteko».

5. Nikanorrek, berriz, ihardetsi zien: «Ba, nik, lurreko nagusi naizen honek, armak hartu eta erregearen alde egiteko agintzen dut».Hala ere, ezin izan zuen bere asmo gaiztoa bete.

Judasek bere gizonei adore-hitza eman

6. Nikanorrek, bere neurrigabeko handikeriaz harrotua, oroitarri bat eraikitzea erabaki zuen, Judas eta beronen gizonen gain izaniko garaipenaren oroigarri.

7. Makabearrak, aldiz, sendo eusten zion uste onari, Jaunarengandik laguntza izango zuenaren itxaropenez.

8. Eta bere lagunak adoretu zituen, jentilen beldurrik izan ez zezaten, baizik eta, lehen Jaunak eman zien laguntasunaz oroiturik, oraingoan ere garaipena Ahalguztidunak emango ziela itxaron zezaten.

9. Legea eta profetak aipatuz bizkortu zituen. Eta adore handiagoa eman zien, ordu arte izandako borrokak gogoraraziz.

10. Haien ausardia horrela pizturik, berotu egin zituen, jentilak zein desleial ziren eta beren zin-hitzak nola hausten zituzten esanez.

11. Gizon bakoitza armatu zuen, baina babeskiak eta lantzak ematen duten segurtasunaz baino gehiago hitz jatorrek ematen duten konfiantzaz, eta guztiak pozez bete zituen amets sinesgarri bat, ikuskari antzeko bat, kontatuz.

12. Hona hemen ikusi zuena: Onias, apaiz nagusi izana, gizon jator, eratsu eta atsegina, hizkera egokikoa, haurtzarotik onbide guztietan jarduna, besoak zabalik, otoitzean ari zen judu-elkarte osoaren alde.

13. Ondoren, beste gizon bat agertu zitzaion Judasi, ile-zuria, duintasun handikoa, tankera bikainekoa eta handitasunez inguratua.

14. Oniasek otoitz egin eta esan zuen: «Gizon hau Jeremias da, Jainkoaren profeta. Maite ditu bere senideak eta otoitz asko egiten du herriaren eta hiri santuaren alde».

15. Orduan, Jeremiasek, eskuineko eskua luzatu eta urrezko ezpata eman zion Judasi, hitz hauek esanez:

16. «Torizu ezpata santu hau; Jainkoaren dohaina duzu eta beronekin hondatuko dituzu etsaiak».

Nikanor menderatua eta hila

17. Ausardia pizteko eta gazteei adore bizia emateko hain eder ziren Judasen hitz haiek bizkorturik, kanpalekuan gelditu ordez, denak batera erasoari ausarki eta adorez ekitea pentsatu zuten juduek, arazoa erabakitzeko. Izan ere, arriskuan zeuden Jerusalem hiria, erlijioa eta tenplua.

18. Emazte eta seme-alaba, senide eta ahaideei buruz zuten kezka baino handiagoa eta lehenagokoa zen tenplu sakratuari buruz zutena.

19. Bitartean, hirian gelditu zirenen larritasuna ez zen txikiagoa, guda-zelaian borrokan ari zirenez kezkatuak baitzeuden.

20. Zain zeuden denak arazoa zertan bukatuko ote zen. Bitartean, bildu ziren etsaiak eta gudarostea guda-lerrotan jarri. Elefanteak toki egokietan ezarri zituzten eta zalditeria alboetan.

21. Han zeuden gudari-talde, arma-mota desberdin eta elefante haien itxura izugarria ikustean, Makabearrak dei egin zion egintza miresgarriak egiten dituen Jaunari, eskuak zerurantz jasorik. Ongi baitzekien garaipena ez duela armen indarrak ematen, baizik eta Jaunak erabakitzen duela merezi dutenei ematea.

22. Hona Judasen otoitza: «Jauna, Judako errege Ezekiasen garaian zeure aingerua bidali zenuen eta berak Senakeriben gudarosteko ehun eta laurogeita bost mila gizon hilarazi zituen.

23. Orain ere, zeruetako Jaun horrek, bidal ezazu aingeru ona, gure aurretik joan eta etsaiak beldur-ikaraz bete ditzan.

24. Jo ditzala zure beso indartsuak zure herri santuaren kontra biraoa dariola etorri direnak!» Horrela bukatu zuen otoitza.

25. Nikanorren gizonek, turuta-hots eta guda-kantu artean, aurrera egiten zuten bitartean,

26. Judasen gizonek, Jaunari dei eta otoitz eginez, borrokari ekin zioten.

27. Armak eskuan eta Jainkoari otoizka bihotzean, hogeita hamabost mila gizon gutxienez hil zituzten. Haien poza Jainkoaren agerpen hura ikustean!

28. Borroka bukatu eta bozkarioz beteak itzultzean, Nikanorren gorpua ezagutu zuten lurrean eroria bere guda-jantzi eta guzti.

29. Deiadar eta iskanbila artean, Jauna goretsi zuten beren arbasoen hizkuntzan.

30. Orduan, bere herritarren alde soin eta muin lehenengo lerroan borrokatu zen hark, gaztarotik bere aberkideentzat onginahia izan zuen hark, Nikanorri buru-besoak sorbalda eta guzti moztu eta Jerusalemera eramateko agindu zuen.

31. Hirira heltzean, bere herritarrei eta apaizei dei egin ondoren, aldare aurrean jarri zen Judas, eta gotorlekukoak ere etortzeko agindu zuen.

32. Orduan, Nikanor higuingarri haren burua eta Ahalguztidunaren etxe santuaren kontra biraolari hark harrokeriaz jaso zuen besoa erakutsi zizkien.

33. Ondoren, Nikanor zitalari mihia moztu zion eta, puskak eginik, txoriei emateko agindu; besoa, berriz, tenpluaren aurrean zintzilikatzeko agindu zuen, Nikanorren erokeriak izandako ordainaren ezaugarritzat.

34. Eta horrela agertu zitzaien Jauna goretsi zuten denek, zerura begira esanez: «Goretsia, bere toki santua profanatu gabe gorde duena!»

35. Gero, gotorlekuan zintzilik jarri zuen Nikanorren burua, Jaunak nola laguntzen duen denek argi eta garbi ikus zezaten.

36. Denek, aho batez, egun hura seinalatu gabe igarotzen ez uztea erabaki zuten, eta arameeraz Adar deritzan hamabigarren hilaren hamahiruan —Mardokeoren egunaren bezperan— ospatzea.

LIBURUAREN BUKAERA (15,37-39)

37. Hauek izan ziren Nikanorri buruzko gorabeherak. Handik aurrera Jerusalem hiria hebrearren esku gelditu zenez, nik hementxe bukatuko dut neure lana.

38. Nire azalpen hau ongi eta taxuz egina gelditzen dela? Horixe zen nire asmoa. Narrasa eta nola-halakoa gertatu dela? Ezin izan dut hobeki egin.

39. Ardo hutsa nahiz ur hutsa edatea kalterako da; ur-ardoa edatea, berriz, atsegingarri, eta gustu ona uzten du. Era berean, kontaeraren antolaketa bizia atsegingarri da irakurlearen belarrietarako. Hemen bukatzen dut.