Itun Zaharra

Itun Berria

Nehemias 3:27-38 Elizen Arteko Biblia (EAB)

27. Ondorengo sailean Tekoako bizilagunek egin zuten lan, esandako dorre handiaren aurretik Ofelgo harresiraino.

28. Zaldien atetik aurrera apaizek egin zuten lan, nork bere etxe aurrean.

29. Aurrerago Imerren seme Tzadok aritu zen bere etxe aurrean; honen ondoren, Xekaniasen seme eta Ekialdeko ateko zaintzaile zen Xemaias;

30. hurrengo sailean, aldiz, Xelemiasen seme Hananiasek eta Tzalafen seigarren seme Hanunek bere etxebizitzaren aurrean.

31. Urrunago, Malkias zilarginak egin zuen lan, tenpluko laguntzaileen eta merkatarien etxeraino, Zaintze-atearen aurretik Zokoko goiko gelaraino.

32. Hemendik Ardien ateraino zilarginek eta merkatariek jardun zuten.

33. Harresia berreraikitzen ari ginela jakin zuenean, Sanbalat haserre bizian jarri zen eta erabat sumindu. Iseka egiten zuen juduen lepotik,

34. eta bere lagunen eta Samariako gudarien aurrean honela zioen: «Zertan ari da jende zirtzil hori? Jarraitzen utzi behar al diegu? Gaur bertan bukatu nahi ote dute eta amaierako sakrifizioak eskaini? Zabor-pilatik ateratako harri kiskaliei berriro bizia emango ote diete, bada?»

35. Ondoan zegoen Tobias amondarrak ere honela zioen: «Egin dezatela! Azeri bat bertara igotzea aski izango da harresia lurrera botatzeko!»

36. Orduan, otoitz egin nuen: «Entzun, gure Jainkoa, nola egiten diguten iseka! Eror bedi beraien gainera egiten diguten iraina, gerta bitez lotsagarri erbestean.

37. Ez barkatu berorien gaiztakeria, ez ahaztu berorien bekatua, harresia eraikitzen dutenei irainka ari baitira».

38. Jarraitu genuen, hala ere, harresia eraikitzen, eta harresi osoa erdiraino konponduta gelditu zen. Herriak gogo beroa agertu zuen lanerako.

Irakurri kapitulu osoa Nehemias 3