Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13

Itun Zaharra

Itun Berria

Nehemias 3 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Jerusalemgo harresiak eraikitzen

1. Eliaxib apaiz nagusiak eta beronen apaizkideek ekin zioten, beraz, lanari, eta Ardien atea egin zuten. Sagaratu ondoren, ate-alderdiak konpondu zituzten. Gero, Ehunen dorreraino konpondu zuten harresia eta, sagaratu ondoren, Hananeelen dorreraino jarraitu zuten.

2. Haien ondoan Jerikoko gizonak ari izan ziren lanean eta hauen aldamenean Imriren seme Zakur.

3. Hasenaaren ondorengoek Arrainen atea berregin zuten; zurezko armazoia egin ondoren, ate-alderdiak, atalagak eta morroiloak ezarri zizkioten.

4. Hauen ondoren Hakotzen iloba eta Uriasen seme zen Meremotek jardun zuen lanean; harantzago, berriz, Mexezabeelen iloba eta Berekiasen seme zen Mexulamek, eta honen aldamenean Baanaren seme Tzadokek.

5. Gero, tekoarrak zetozen; baina hauen arteko handikiek ez zuten lan-arduradunen esanetara jarri nahi izan.

6. Jexanako atea, Paxeahen seme Joiadak eta Besodiasen seme Mexulamek berregin zuten; zurezko armazoia egin ondoren, ate-alderdiak, atalagak eta morroiloak ezarri zituzten.

7. Horien aldamenean Gabaongo Melatiasek eta Meronoteko Jadonek jardun zuten lanean, Gabaongo eta Mitzpako beste gizon batzuekin batera, Eufrates ibaiaren mendebaldeko gobernariaren kontura.

8. Harantzago, Harhaias zilarginaren seme Uziel ari izan zen, eta honen ondoan Hananias lurringilea. Hauek, harresi zabaleraino heldu arte egin zuten lan Jerusalemen.

9. Hurrengo tartean, Hurren seme eta Jerusalemgo barruti erdiaren buru zen Refaiasek jardun zuen.

10. Harantzaxeago, Harumafen seme Jedaiasek bere etxe aurreko zatia konpondu zuen; ondoren, Haxabniasen seme Hatux ari izan zen.

11. Beste zati batean, Labeen dorrerainokoan, Harimen seme Melkiasek eta Pahat-Moaben seme Haxubek egin zuten lan.

12. Hauen ondoan, Halohexen seme eta Jerusalemen beste barruti erdiaren buru zen Xalumek jardun zuen, bere alabek laguntzen ziotela.

13. Hanunek eta Zanoaheko bizilagunek berregin zuten Haraneko atea; eraiki ondoren, ate-alderdiak, atalagak eta morroiloak ezarri zituzten; gainera, bostehunen bat metrotan konpondu zuten harresia Zabortegiko ateraino.

14. Zabortegiko atea Rekaben seme eta Bet-Kerem herrialdeko buru zen Melkiasek eraiki zuen; jaso ondoren, ate-alderdiak, atalagak eta morroiloak ezarri zituen.

15. Iturriko atean, Kol-Hozeren seme eta Mitzpa herrialdeko buru zen Xalumek jardun zuen; jaso eta gaina eman ondoren, ate-alderdiak, atalagak eta morroiloak ezarri zizkion; berak konpondu zuen Erregearen lorategi ondoan dagoen Siloeko uraskaren ondoko harresi-zatia ere, Daviden hiritik jaisten diren harmailetaraino.

16. Harantzago, Azbuken seme eta Bet-Tzurreko barruti erdiaren buru zen Nehemiasek egin zuen lan, Daviden hilobien aurrean, urmaeleraino eta gudarien kuarteleraino.

17. Hurrengo zatietan lebitarrek jardun zuten: Baniren seme Rehumek eta, ondoren, Keilako herri-barruti erdiaren buru zen Haxabiasek bere barrutiaren izenean;

18. ondoren, Henadaden seme eta Keilako beste herri-barruti erdiaren buru zen Binui aritu zen;

19. Josueren seme eta Mitzpako buru zen Ezerrek harresiaren ertzean dagoen armategiko aldapa-aurrealdea konpondu zuen.

20. Honen aldamenean, Zebairen seme Barukek egin zuen lan, Zokotik Eliaxib apaiz nagusiaren etxeko ateraino.

21. Harantzago, Akotzen iloba eta Uriasen seme zen Meremotek, Eliaxiben etxeko atetik etxe beraren ertzerainoko sailean jardun zuen.

22. Ondorengo sailetan, ingurutik etorritako apaizak ari izan ziren.

23. Benjamin eta Haxubek beren etxe aurreko sailean egin zuten lan, eta Ananiasen iloba eta Maaseiasen seme Azariasek, aldiz, bere etxe ondoan.

24. Henadaden seme Binuik Azariasen etxetik Zokorainoko sailean.

25. Uzairen seme Palalek, berriz, Zokotik errege-jauregiaren gainaldeko dorreraino, kartzelako patiotik hurbil. Paroxen seme Pedaias

26. eta Ofel auzategian bizi ziren tenpluko laguntzaileak ekialderantz aritu ziren, Ur-atearen eta aipaturiko dorrearen aurrean.

27. Ondorengo sailean Tekoako bizilagunek egin zuten lan, esandako dorre handiaren aurretik Ofelgo harresiraino.

28. Zaldien atetik aurrera apaizek egin zuten lan, nork bere etxe aurrean.

29. Aurrerago Imerren seme Tzadok aritu zen bere etxe aurrean; honen ondoren, Xekaniasen seme eta Ekialdeko ateko zaintzaile zen Xemaias;

30. hurrengo sailean, aldiz, Xelemiasen seme Hananiasek eta Tzalafen seigarren seme Hanunek bere etxebizitzaren aurrean.

31. Urrunago, Malkias zilarginak egin zuen lan, tenpluko laguntzaileen eta merkatarien etxeraino, Zaintze-atearen aurretik Zokoko goiko gelaraino.

32. Hemendik Ardien ateraino zilarginek eta merkatariek jardun zuten.

Etsaiek lanak geldiarazi nahi

33. Harresia berreraikitzen ari ginela jakin zuenean, Sanbalat haserre bizian jarri zen eta erabat sumindu. Iseka egiten zuen juduen lepotik,

34. eta bere lagunen eta Samariako gudarien aurrean honela zioen: «Zertan ari da jende zirtzil hori? Jarraitzen utzi behar al diegu? Gaur bertan bukatu nahi ote dute eta amaierako sakrifizioak eskaini? Zabor-pilatik ateratako harri kiskaliei berriro bizia emango ote diete, bada?»

35. Ondoan zegoen Tobias amondarrak ere honela zioen: «Egin dezatela! Azeri bat bertara igotzea aski izango da harresia lurrera botatzeko!»

36. Orduan, otoitz egin nuen: «Entzun, gure Jainkoa, nola egiten diguten iseka! Eror bedi beraien gainera egiten diguten iraina, gerta bitez lotsagarri erbestean.

37. Ez barkatu berorien gaiztakeria, ez ahaztu berorien bekatua, harresia eraikitzen dutenei irainka ari baitira».

38. Jarraitu genuen, hala ere, harresia eraikitzen, eta harresi osoa erdiraino konponduta gelditu zen. Herriak gogo beroa agertu zuen lanerako.