Itun Zaharra

Itun Berria

Nehemias 13:4-15 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Lehentxeago, gure Jainkoaren etxeko gelen arduraduna zen Eliaxib apaizak hurbileko ahaidea zuen Tobiasi

5. gela handi bat atondu zion; lehen, gela honetan gorde ohi ziren oparigaiak, intsentsua, tenplurako tresnak eta gari, ardo eta olioaren hamarrenak, hau da, lebitarrei, kantariei eta atezainei zegokien partea eta apaizentzat izendatua zegoena.

6. Hori guztia gertatu zenean, ni ez nintzen Jerusalemen, Artaxerxes Babiloniako erregearen hogeita hamabigarren urtean erregeagana joana bainintzen. Handik pixka batera, erregeari baimena eskatu nion

7. eta Jerusalemera itzuli nintzen; orduan jakin nuen Eliaxibek Jainkoaren etxeko atarian Tobiasi gela bat prestatuz egindako gaiztakeria.

8. Asko nahigabetu ninduen honek eta gelatik kanpora jaurti nituen Tobiasen gauza guztiak.

9. Gero, gelaren garbikuntza egiteko agindu nuen, eta Jainkoaren etxeko tresnak, oparigaiak eta intsentsua berriro bertara ekarrarazi nituen.

10. Jakin nuen, gainera, lebitarrei ez zitzaiela ematen zegokien partea eta, horregatik, lebitarrek eta kantariek, beren zerbitzua bete beharrean, beren herrietara alde egin zutela.

11. Agintariei errieta egin nien Jainkoaren etxea bazter utzi zutelako. Gero, lebitarrak eta kantariak bildu eta beren lekuetan jarri nituen berriro.

12. Orduan, judu guztiak gari, ardo eta olioaren hamarrenak biltegietara berriro ekartzen hasi ziren.

13. Eta biltegiak Xelemias apaizaren, Tzadok lege-maisuaren eta Pedaias lebitarraren ardurapean jartzeko agindu nuen, Zakurren seme eta Mataniasen iloba zen Hanan lagun zutela, jendeak gizon zintzotzat baitzeuzkan. Horiek banatzen zieten beren ahaideei zegokien partea.

14. «Ene Jainko, gogoan izan hau guztia, ez ahaztu nire Jainkoaren etxearen alde eta horko zerbitzuaren alde egin dudan guztia!»

15. Egun haietan gizon batzuk ikusi nituen larunbatez dolarean mahatsa zapaltzen. Beste batzuek gari-balak asto gainean ezartzen zituzten, baita ardoa, mahatsa, pikuak eta era guztietako zamak ere, eta larunbatean Jerusalemera eramaten zituzten. Zorrotz hartu nituen salerosketak egun horretan egiten zituztelako.

Irakurri kapitulu osoa Nehemias 13