Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13

Itun Zaharra

Itun Berria

Nehemias 13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Nehemiasek usadioak zaharberritu

1. Garai hartan, Moisesen liburua herriaren aurrean irakurri eta hauxe aurkitu zuten idatzirik: amondarrek eta moabdarrek ez zutela inoiz Jainkoaren batzarrean parterik izango.

2. Izan ere, ez zieten israeldarrei lagundu ogia eta ura emanez. Moabdarrek Balaam erosi zuten, israeldarrak madarika zitzan; baina gure Jainkoak madarikazioa bedeinkapen bihurtu zuen.

3. Lege hau entzutean, atzerritarrak oro batzarretik botatzea erabaki zuten.

4. Lehentxeago, gure Jainkoaren etxeko gelen arduraduna zen Eliaxib apaizak hurbileko ahaidea zuen Tobiasi

5. gela handi bat atondu zion; lehen, gela honetan gorde ohi ziren oparigaiak, intsentsua, tenplurako tresnak eta gari, ardo eta olioaren hamarrenak, hau da, lebitarrei, kantariei eta atezainei zegokien partea eta apaizentzat izendatua zegoena.

6. Hori guztia gertatu zenean, ni ez nintzen Jerusalemen, Artaxerxes Babiloniako erregearen hogeita hamabigarren urtean erregeagana joana bainintzen. Handik pixka batera, erregeari baimena eskatu nion

7. eta Jerusalemera itzuli nintzen; orduan jakin nuen Eliaxibek Jainkoaren etxeko atarian Tobiasi gela bat prestatuz egindako gaiztakeria.

8. Asko nahigabetu ninduen honek eta gelatik kanpora jaurti nituen Tobiasen gauza guztiak.

9. Gero, gelaren garbikuntza egiteko agindu nuen, eta Jainkoaren etxeko tresnak, oparigaiak eta intsentsua berriro bertara ekarrarazi nituen.

10. Jakin nuen, gainera, lebitarrei ez zitzaiela ematen zegokien partea eta, horregatik, lebitarrek eta kantariek, beren zerbitzua bete beharrean, beren herrietara alde egin zutela.

11. Agintariei errieta egin nien Jainkoaren etxea bazter utzi zutelako. Gero, lebitarrak eta kantariak bildu eta beren lekuetan jarri nituen berriro.

12. Orduan, judu guztiak gari, ardo eta olioaren hamarrenak biltegietara berriro ekartzen hasi ziren.

13. Eta biltegiak Xelemias apaizaren, Tzadok lege-maisuaren eta Pedaias lebitarraren ardurapean jartzeko agindu nuen, Zakurren seme eta Mataniasen iloba zen Hanan lagun zutela, jendeak gizon zintzotzat baitzeuzkan. Horiek banatzen zieten beren ahaideei zegokien partea.

14. «Ene Jainko, gogoan izan hau guztia, ez ahaztu nire Jainkoaren etxearen alde eta horko zerbitzuaren alde egin dudan guztia!»

15. Egun haietan gizon batzuk ikusi nituen larunbatez dolarean mahatsa zapaltzen. Beste batzuek gari-balak asto gainean ezartzen zituzten, baita ardoa, mahatsa, pikuak eta era guztietako zamak ere, eta larunbatean Jerusalemera eramaten zituzten. Zorrotz hartu nituen salerosketak egun horretan egiten zituztelako.

16. Jerusalemen bizi ziren tiroarrek ere arraina eta beste era guztietako salgaiak ekarri eta larunbatean saltzen zizkioten Jerusalemgo eta Judako jendeari.

17. Judako handikiei errieta egin nien, esanez: «Gaiztakerian ari zarete, ez baituzue egun sagaratua aintzakotzat hartzen.

18. Horrela egin zuten zuen gurasoek ere, eta horregatik bidali zigun gure Jainkoak zorigaitz hau, guri eta hiri honi. Eta zuek, larunbata profanatuz, areagotu egiten duzue Israelen kontrako Jainkoaren sumina».

19. Orduz geroztik, larunbat-bezperan, iluntzen hasi bezain laster, Jerusalemgo ateak ixteko agindu nuen, eta larunbat-biharamuna arte ez irekitzeko. Eta nire gizonetako batzuk jarri nituen atean, larunbatean inolako zamarik sar ez zedin.

20. Merkatariek eta zernahi saltzera zetozenek larunbat-gau bat edo beste Jerusalemdik kanpo igaro behar izan zuten.

21. Baina honela adierazi nien: «Zergatik igarotzen duzue gaua hor harresiaren aurrean? Berriro hori egiten baduzue atxilotu egingo zaituztet!» Harrezkero, ez ziren gehiago larunbatez agertu.

22. Orduan, beren garbikuntza egin eta ateak zaintzera joateko agindu nien lebitarrei, larunbataren santutasuna errespetatua izan zedin.«Izan gogoan hau ere, ene Jainko; erruki nitaz, hain onbera baitzara!»

23. Judu batzuk emakume axdodtar, amondar eta moabdarrekin ezkondu zirela ere jakin nuen egun haietan.

24. Haien seme-alabetatik erdiak-edo axdoderaz mintzatzen ziren; beste batzuk bateko edo besteko herri arrotzen hizkeraz, baina inork ere ez zekien judu-hizkuntza.

25. Nik aurpegira bota nien hori eta madarikatu egin nituen; jo ere egin nituen batzuk eta ileak atera nizkien; gero, herri haietako jendearekin ez zirela ezkonduko zin eragin nien Jainkoaren izenean.

26. Eta esan nien: «Ez al zuen, bada, horregatik bekatu egin Salomonek, Israelgo erregeak? Ez zen atzerriko nazio guztietan hura bezalako erregerik; maite zuen bere Jainkoak eta Israel osoaren errege ezarri zuen. Hala ere, emakume arrotzek bekatura eraman zuten hura ere!

27. Horregatik, ez dut entzun ere nahi, emakume arrotzekin ezkonduz, Jainkoarekin hain desleial izango zaretenik!»

28. Eliaxib apaiz nagusiaren seme zen Joiadaren seme bat Sanbalat horondarraren alabarekin ezkondua zegoen; horregatik, bota egin nuen neure ondotik.

29. «Ez ahaztu, Jauna, apaizgoa edo apaiz eta lebitarrekin duzun ituna kutsatu duten horietaz!»

30. Beraz, garbitu nuen arrotz-kutsu oro, eta apaiz eta lebitarren eginkizunak zehazten zituzten arauak ezarri nituen.

31. Berriro ezarri nituen epe jakinetan egin behar ziren egur-eskaintzak, baita lurraren lehen fruituen eskaintzak ere.«Oi ene Jainko, gogora zaitez nitaz, eta har nazazu onez!»