Itun Zaharra

Itun Berria

Nehemias 13:16-26 Elizen Arteko Biblia (EAB)

16. Jerusalemen bizi ziren tiroarrek ere arraina eta beste era guztietako salgaiak ekarri eta larunbatean saltzen zizkioten Jerusalemgo eta Judako jendeari.

17. Judako handikiei errieta egin nien, esanez: «Gaiztakerian ari zarete, ez baituzue egun sagaratua aintzakotzat hartzen.

18. Horrela egin zuten zuen gurasoek ere, eta horregatik bidali zigun gure Jainkoak zorigaitz hau, guri eta hiri honi. Eta zuek, larunbata profanatuz, areagotu egiten duzue Israelen kontrako Jainkoaren sumina».

19. Orduz geroztik, larunbat-bezperan, iluntzen hasi bezain laster, Jerusalemgo ateak ixteko agindu nuen, eta larunbat-biharamuna arte ez irekitzeko. Eta nire gizonetako batzuk jarri nituen atean, larunbatean inolako zamarik sar ez zedin.

20. Merkatariek eta zernahi saltzera zetozenek larunbat-gau bat edo beste Jerusalemdik kanpo igaro behar izan zuten.

21. Baina honela adierazi nien: «Zergatik igarotzen duzue gaua hor harresiaren aurrean? Berriro hori egiten baduzue atxilotu egingo zaituztet!» Harrezkero, ez ziren gehiago larunbatez agertu.

22. Orduan, beren garbikuntza egin eta ateak zaintzera joateko agindu nien lebitarrei, larunbataren santutasuna errespetatua izan zedin.«Izan gogoan hau ere, ene Jainko; erruki nitaz, hain onbera baitzara!»

23. Judu batzuk emakume axdodtar, amondar eta moabdarrekin ezkondu zirela ere jakin nuen egun haietan.

24. Haien seme-alabetatik erdiak-edo axdoderaz mintzatzen ziren; beste batzuk bateko edo besteko herri arrotzen hizkeraz, baina inork ere ez zekien judu-hizkuntza.

25. Nik aurpegira bota nien hori eta madarikatu egin nituen; jo ere egin nituen batzuk eta ileak atera nizkien; gero, herri haietako jendearekin ez zirela ezkonduko zin eragin nien Jainkoaren izenean.

26. Eta esan nien: «Ez al zuen, bada, horregatik bekatu egin Salomonek, Israelgo erregeak? Ez zen atzerriko nazio guztietan hura bezalako erregerik; maite zuen bere Jainkoak eta Israel osoaren errege ezarri zuen. Hala ere, emakume arrotzek bekatura eraman zuten hura ere!

Irakurri kapitulu osoa Nehemias 13