Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 6:11-23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Aaronen ondorengoetariko gizonezkoek bakarrik jan dezakete. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun, Jaunaren ohorez erretako opariei dagokienez. Horiek ukitzen dituen edonor sakratu bihurtzen da».

12. Jaunak esan zion Moisesi:

13. «Hona hemen Aaronek eta beronen ondorengoek, apaiz sagaratuak izan ondoren, Jaunari eskaini behar dioten oparia: lau kilo irin garbi eguneko, erdia goizean eta beste erdia arratsaldean.

14. Zartaginean prestatuko dituzte olioarekin ongi nahasiak, eta zatiak eginda eskainiko. Jaunak atseginez onartzen duen oparia da.

15. Hala egingo dute apaiz nagusi sagaratuak izango diren Aaronen ondorengo guztiek ere. Betiko legea da. Jaunarentzat erreko dute oso-osorik oparia;

16. hain zuzen, apaizaren labore-opari guztiak erabatekoak dira; ez dituzte jango».

17. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

18. «Esan Aaroni eta beronen ondorengoei:«Hona hemen barkamen-opariei buruzko ohikunea: Barkamen-opariko aberea erre-oparietakoak hiltzen diren toki berean hilko da, Jaunaren aurrean. Opari guztiz sakratua da.

19. Eskaintzen duen apaizak jango du, eta toki sakratuan jan ere, elkarketa-etxolaren atarian.

20. Haragi opaldua ukitzen duen edonor sakratu bihurtzen da eta jantziren bat haren odolaz zipriztindurik gertatzen bada, toki sakratuan garbituko da.

21. Haragia egosi deneko ontzia buztinezkoa bada, hautsi egingo da; brontzezkoa bada, berriz, gogor igurtzi eta uretan garbituko.

22. Apaiz-familietako gizonezkoek bakarrik jan dezakete. Opari guztiz sakratua da.

23. Baina ez dute jango barkamen-oparitzat eskainitako abererik, baldin eta haren odola elkarketa-etxolara eramana izan bada, santutegian barkamen-ohikunea egiteko; erre egingo da.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 6