Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 19:4-14 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. «Ez jo sasijainkoengana eta ez egin metal urtuzko idolorik. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

5. «Jaunari elkartasun-opariak egitean, eskaini hark atseginez onartzeko eran:

6. oparigaia jan, opaldua izan den egunean eta biharamunean jango duzue; baina hirugarren egunerako sobera gelditua erre egingo duzue.

7. Norbaitek hirugarren egunean jango balu, ez litzaioke Jaunari atsegin izango: gaitzesgarria da haragi hori.

8. Horretatik jan dezanak bere hobenaren ondorenak jasan beharko ditu, Jaunari sagaratua profanatu baitu: herritik bota egingo dute.

9. «Zeuen uzta biltzean, ez duzue soro-bazterrekoa moztuko, ezta eroritako galburuak biltzen ibiliko ere.

10. Ez dituzue atzean utzitako mahats-hondarrak bilduko, ezta lurrera eroritakoak jasotzen ibiliko ere. Pobreentzat eta etorkinentzat utziko dituzue. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

11. «Ez ostu, ez esan gezurrik, ez egin iruzurrik zeuen herritarrari.

12. Ez egin gezur-zinik Jaunaren izenean, zeuen Jainkoaren izena profanatuz. Neu naiz Jauna.

13. «Ez zapaldu lagun hurkoa, ez larrutu. Ez utzi biharamuna arte ordaindu gabe langilearen lansaria.

14. Ez madarikatu gorra, ez ipini itsuari bidean oztoporik. Horrela erakutsiko duzue begirune diozuela Jainkoari. Neu naiz Jauna.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 19