Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 22:5-16 Elizen Arteko Biblia (EAB)

5. Baina saia zaitezte Moisesek —Jaunaren, zeuen Jainkoaren, zerbitzariak— emandako aginduak eta legea sutsu betetzen: maita ezazue Jauna, zeuen Jainkoa, ibili berak erakutsitako bidean, bete aginduak, bizi berari atxikiak eta zerbitza ezazue bihotz-bihotzez eta gogo osoz».

6. Josuek bedeinkatu eta bidali egin zituen, eta haiek beren etxera itzuli ziren.

7. Manasesen leinu erdi bati Moisesek lurraldea emana zion Baxanen; beste leinu erdiari, berriz, Jordanen mendebaldean eman zion Josuek lurraldea, gainerako israeldarren artean. Jordanen ekialdean bizi ziren Manasesen leinu erdikoei, etxera bidaltzeko bedeinkatu zituenean,

8. esan zien Josuek: «Aberastasun handiak harturik zoazte etxera: abere-talde ugari, zilarra eta urrea, brontzea, burdina eta janzki asko. Bana itzazue senideen artean etsaiei kendutako harrapakinok».

9. Ruben eta Gaden leinuetakoak eta Manasesen leinu erdikoak, gainerako israeldarrak Xilon, Kanaan lurraldean, utzirik, Galaaderantz, Jaunaren aginduz Moisesek jabetzan eman zien lurralderantz, abiatu ziren.

10. Jordan ingurura heldu zirenean, artean Kanaanen zirela, aldare handi eta ikusgarria eraiki zuten.

11. Jakinarazi zieten israeldarrei Ruben eta Gaden leinuetako eta Manasesen leinu erdiko gizonek aldarea eraiki zutela Jordan ibai inguruan, Kanaanen aurrez aurre, israeldar lurraldeaz beste aldera;

12. eta israeldar elkarte osoa bildu zuten Xilon, leinu haiei erasotzeko asmoz.

13. Aurrez, ordea, Pinhas, Eleazar apaizaren semea, bidali zieten Galaadera,

14. herriko hamar ordezkari lagun zituela, israeldar leinu bakoitzeko bat. Ordezkari haiek senitarteburu ziren Israelgo leinuetan.

15. Ruben eta Gaden leinuetako eta Manasesen leinu erdiko gizonengana, Galaadera, heldu zirenean, esan zieten:

16. «Jaunaren elkarte osoaren izenean diotsuegu: Zer da Israelen Jainkoaren kontra egin duzuen desleialkeria hori? Jaunarengandik aldendu zarete gaur: aldare hori zeuentzat eraikiz, Jaunaren kontra errebelatu zarete.

Irakurri kapitulu osoa Josue 22