Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24

Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

BUKAERA (22,1—24,33)

Ekialdeko leinuak etxera itzuli

1. Josuek Ruben eta Gaden leinuetakoei eta Manasesen leinu erdikoei dei egin

2. eta esan zien: «Bete duzue Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, agindu zizuen guztia eta egin duzue nire esana agindu dizuedan gauza guztietan.

3. Urte luze hauetan ez dituzue zeuen herritarrak bakarrik utzi, Jaunaren, zeuen Jainkoaren, agindua arretaz betez.

4. Orain, Jaunak, zuen Jainkoak, berak hitzeman bezala, zuen herritarrei atsedena eman dielarik, joan zaitezkete zeuen etxera, Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, Jordanen ekialdean jabetzan eman zizuen herrialdera.

5. Baina saia zaitezte Moisesek —Jaunaren, zeuen Jainkoaren, zerbitzariak— emandako aginduak eta legea sutsu betetzen: maita ezazue Jauna, zeuen Jainkoa, ibili berak erakutsitako bidean, bete aginduak, bizi berari atxikiak eta zerbitza ezazue bihotz-bihotzez eta gogo osoz».

6. Josuek bedeinkatu eta bidali egin zituen, eta haiek beren etxera itzuli ziren.

7. Manasesen leinu erdi bati Moisesek lurraldea emana zion Baxanen; beste leinu erdiari, berriz, Jordanen mendebaldean eman zion Josuek lurraldea, gainerako israeldarren artean. Jordanen ekialdean bizi ziren Manasesen leinu erdikoei, etxera bidaltzeko bedeinkatu zituenean,

8. esan zien Josuek: «Aberastasun handiak harturik zoazte etxera: abere-talde ugari, zilarra eta urrea, brontzea, burdina eta janzki asko. Bana itzazue senideen artean etsaiei kendutako harrapakinok».

Aldarea eraiki Jordan ibaiertzean

9. Ruben eta Gaden leinuetakoak eta Manasesen leinu erdikoak, gainerako israeldarrak Xilon, Kanaan lurraldean, utzirik, Galaaderantz, Jaunaren aginduz Moisesek jabetzan eman zien lurralderantz, abiatu ziren.

10. Jordan ingurura heldu zirenean, artean Kanaanen zirela, aldare handi eta ikusgarria eraiki zuten.

11. Jakinarazi zieten israeldarrei Ruben eta Gaden leinuetako eta Manasesen leinu erdiko gizonek aldarea eraiki zutela Jordan ibai inguruan, Kanaanen aurrez aurre, israeldar lurraldeaz beste aldera;

12. eta israeldar elkarte osoa bildu zuten Xilon, leinu haiei erasotzeko asmoz.

13. Aurrez, ordea, Pinhas, Eleazar apaizaren semea, bidali zieten Galaadera,

14. herriko hamar ordezkari lagun zituela, israeldar leinu bakoitzeko bat. Ordezkari haiek senitarteburu ziren Israelgo leinuetan.

15. Ruben eta Gaden leinuetako eta Manasesen leinu erdiko gizonengana, Galaadera, heldu zirenean, esan zieten:

16. «Jaunaren elkarte osoaren izenean diotsuegu: Zer da Israelen Jainkoaren kontra egin duzuen desleialkeria hori? Jaunarengandik aldendu zarete gaur: aldare hori zeuentzat eraikiz, Jaunaren kontra errebelatu zarete.

17. Ez al genuen aski Peor-ko bekatuaz? Oraindik ere bekatu haren ondorioak jasaten ari gara, Jaunaren elkarteak izurria jasan behar izan zuen arren.

18. Eta zuek Jaunarengandik aldentzen zarete gaur! Zuek gaur beraren kontra errebelatzeagatik, Jauna bihar haserretu egingo da Israel herri osoarekin.

19. Zuen jabetza den lurraldea kutsatua dagoela eta Jaunaren kulturako desegokia dela iruditzen bazaizue, zatozte Jaunaren jabetza den herrialdera, han baitu Jaunak bere bizilekua, eta jar zaitezte gure artean bizitzen. Baina ez zaitezte Jaunaren kontra eta gure kontra jarri, Jaunaren, gure Jainkoaren, aldareaz gainera beste bat zeuentzat eraikiz.

20. Gogora ezazue Akan, Zerahen semea. Ez zuen leial jokatu, Jerikon dena suntsitzeko agindua hautsi zuelako, eta Israel herri osoak jasan behar izan zuen Jaunaren haserrea, erruduna bera bakarrik izan arren».

21. Ruben eta Gaden leinuetako eta Manasesen leinu erdiko gizonek erantzun zieten Israelgo senitarteburuei:

22. «Ongi daki Jaunak, jainkoen Jainkoak, eta jakin beza Israelek ere! Jaunak, berarekiko desleial izan bagara eta beraren kontra errebelatu, zigor gaitzala oraintxe bertan!

23. Aldare hau Jaunarengandik aldentzeko, berorren gainean erre-opariak, labore-opariak edota elkartasun-opariak eskaintzeko eraiki baldin badugu, eska biezazkigu kontuak!

24. Ez, ez dugu horretarako egin, kezkaturik gaudelako baizik, zuen ondorengoek gureei egunen batean hau esango ote dieten: “Ba al duzue zerikusirik Jaunarekin, Israelen Jainkoarekin?

25. Zuen —Ruben eta Gaden ondorengoen— eta gure artean Jordan ibaia ipini zuen Jaunak mugatzat. Zuek ez duzue, beraz, zerikusirik Jaunarekin!” Horrela, zuen seme-alabek eragotzi egingo liekete gureei Jaunari gurtza ematea.

26. Horregatik bururatu zaigu aldarea eraikitzea; ez, ordea, erre-opariak eta sakrifizioak eskaintzeko,

27. gure eta zuen artean eta gure ondorengo belaunaldien artean ezaugarri izateko baizik; hau da, beraren tenpluan geure erre-opari eta elkartasun-opariak eskainiz Jaunari kultu eman nahi diogula adierazteko ezaugarri. Horrela, zuen seme-alabek ezin esango diete gureei Jaunarekin zerikusirik ez dutela.

28. Bihar edo etzi, guri nahiz gure ondorengoei horrelakorik esango baligute, guk erantzun ahal izango genuke: “Begira gure gurasoek Jaunari eraiki zioten aldarearen egiturari; ez da erre-opariak eta sakrifizioak eskaintzeko, gure eta zuen artean ezaugarri izateko baizik”.

29. Ez dugu inola ere Jaunaren kontra errebelatu nahi izan, ez Jaunarengandik aldendu, ezta Jaunaren, gure Jainkoaren, egoitza aurrean dagoen aldareaz gainera, erre-opariak, labore-opariak eta gainerako sakrifizioak eskaintzeko beste bat eraiki ere».

30. Pinhas apaizak eta elkartearen ordezkariek —israeldar leinuetako hamar senitarteburuek— ontzat eman zuten Ruben, Gad eta Manasesen leinuetako gizonek emandako argibidea.

31. Pinhasek, Eleazar apaizaren semeak, esan zien: «Orain badakigu Jauna geurekin dugula, ez baituzue beraren kontra horrelako desleialkeriarik egin. Horrela, Israel osoa libratu duzue Jaunaren zigorretik».

32. Ruben eta Gaden leinuetako gizonak utzirik, Pinhas, Eleazar apaizaren semea, eta herri-ordezkariak Galaadetik Kanaanera itzuli ziren, mendebaldeko israeldarrengana, eta gertatuaren berri eman zieten.

33. Israeldarrek ontzat eman zuten azalpena eta Jauna goretsi zuten. Ez zuten berriro aipatu ere egin Ruben eta Gaden leinuetakoei erasotzea eta haien herrialdea hondatzea.

34. Ruben eta Gaden leinuetakoek «Ezaugarri» izena ezarri zioten aldareari, hau baitzioten: «Jauna Jainko denaren ezaugarri da gu guztiontzat».