Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 22:1-11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Josuek Ruben eta Gaden leinuetakoei eta Manasesen leinu erdikoei dei egin

2. eta esan zien: «Bete duzue Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, agindu zizuen guztia eta egin duzue nire esana agindu dizuedan gauza guztietan.

3. Urte luze hauetan ez dituzue zeuen herritarrak bakarrik utzi, Jaunaren, zeuen Jainkoaren, agindua arretaz betez.

4. Orain, Jaunak, zuen Jainkoak, berak hitzeman bezala, zuen herritarrei atsedena eman dielarik, joan zaitezkete zeuen etxera, Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, Jordanen ekialdean jabetzan eman zizuen herrialdera.

5. Baina saia zaitezte Moisesek —Jaunaren, zeuen Jainkoaren, zerbitzariak— emandako aginduak eta legea sutsu betetzen: maita ezazue Jauna, zeuen Jainkoa, ibili berak erakutsitako bidean, bete aginduak, bizi berari atxikiak eta zerbitza ezazue bihotz-bihotzez eta gogo osoz».

6. Josuek bedeinkatu eta bidali egin zituen, eta haiek beren etxera itzuli ziren.

7. Manasesen leinu erdi bati Moisesek lurraldea emana zion Baxanen; beste leinu erdiari, berriz, Jordanen mendebaldean eman zion Josuek lurraldea, gainerako israeldarren artean. Jordanen ekialdean bizi ziren Manasesen leinu erdikoei, etxera bidaltzeko bedeinkatu zituenean,

8. esan zien Josuek: «Aberastasun handiak harturik zoazte etxera: abere-talde ugari, zilarra eta urrea, brontzea, burdina eta janzki asko. Bana itzazue senideen artean etsaiei kendutako harrapakinok».

9. Ruben eta Gaden leinuetakoak eta Manasesen leinu erdikoak, gainerako israeldarrak Xilon, Kanaan lurraldean, utzirik, Galaaderantz, Jaunaren aginduz Moisesek jabetzan eman zien lurralderantz, abiatu ziren.

10. Jordan ingurura heldu zirenean, artean Kanaanen zirela, aldare handi eta ikusgarria eraiki zuten.

11. Jakinarazi zieten israeldarrei Ruben eta Gaden leinuetako eta Manasesen leinu erdiko gizonek aldarea eraiki zutela Jordan ibai inguruan, Kanaanen aurrez aurre, israeldar lurraldeaz beste aldera;

Irakurri kapitulu osoa Josue 22