Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 40:15-29 Elizen Arteko Biblia (EAB)

15. eta isuri gainera olioa, Aaronen gainera bezala, nire apaiz izan daitezen. Gantzudura honen bidez, betiko izango dira apaiz belaunez belaun».

16. Moisesek zehatz-mehatz egin zuen Jaunak agindu guztia.

17. Hala, Egiptotik irten eta bigarren urtean, lehen hilaren lehen egunean, eraiki zuten egoitza.

18. Moisesek egoitza eraiki zuen: haren oinak, oholak eta zehar-egurrak ezarri zituen eta zutabeak jaso.

19. Oihal-etxola egoitzaren gainetik zabaldu zuen, eta estaldura jarri oihal-etxolaren gainaldetik, Jaunak agindu bezala.

20. Itun-agiria hartu eta kutxa barruan ipini zuen; hagak ipini zizkion kutxari eta estalkia ezarri gainean.

21. Ondoren, egoitzara eraman zuen kutxa eta errezela ezarri itun-kutxa estaltzeko, Jaunak agindu bezala.

22. Gero, mahaia jarri zuen elkarketa-etxolaren barnean, egoitzaren iparraldetik, errezelaz kanpo.

23. Mahai gainean Jaunari eskainiriko ogia jarri zuen, Jaunak agindu bezala.

24. Argimutila ere elkarketa-etxolaren barruan ezarri zuen, mahaiaren aurrez aurre, egoitzaren hegoaldera.

25. Eta kriseiluak piztu zituen Jaunaren aurrean, beronek Moisesi agindu bezala.

26. Urrezko aldarea ere elkarketa-etxolaren barruan jarri zuen, errezelaren aurrean,

27. eta intsentsu usaintsua erre zuen bertan, Jaunak agindu bezala.

28. Gero, Moisesek oihala ipini zuen egoitzaren sarreran.

29. Elkarketa-etxolaren sarreran erre-oparien aldarea ezarri zuen, eta erre-opariak eta labore-opariak egin zituen bertan, Jaunak agindu bezala.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 40