Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 40:12-32 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. «Hurbilarazi Aaron eta beronen semeak elkarketa-etxolaren sarrerara eta garbi daitezela urez.

13. Arropa sakratuz jantziko duzu Aaron eta, gainera olioa isuriz, nire apaiz-zerbitzurako sagaratuko.

14. Ondoren, hurbilarazi haren semeak, jantzi tunikak,

15. eta isuri gainera olioa, Aaronen gainera bezala, nire apaiz izan daitezen. Gantzudura honen bidez, betiko izango dira apaiz belaunez belaun».

16. Moisesek zehatz-mehatz egin zuen Jaunak agindu guztia.

17. Hala, Egiptotik irten eta bigarren urtean, lehen hilaren lehen egunean, eraiki zuten egoitza.

18. Moisesek egoitza eraiki zuen: haren oinak, oholak eta zehar-egurrak ezarri zituen eta zutabeak jaso.

19. Oihal-etxola egoitzaren gainetik zabaldu zuen, eta estaldura jarri oihal-etxolaren gainaldetik, Jaunak agindu bezala.

20. Itun-agiria hartu eta kutxa barruan ipini zuen; hagak ipini zizkion kutxari eta estalkia ezarri gainean.

21. Ondoren, egoitzara eraman zuen kutxa eta errezela ezarri itun-kutxa estaltzeko, Jaunak agindu bezala.

22. Gero, mahaia jarri zuen elkarketa-etxolaren barnean, egoitzaren iparraldetik, errezelaz kanpo.

23. Mahai gainean Jaunari eskainiriko ogia jarri zuen, Jaunak agindu bezala.

24. Argimutila ere elkarketa-etxolaren barruan ezarri zuen, mahaiaren aurrez aurre, egoitzaren hegoaldera.

25. Eta kriseiluak piztu zituen Jaunaren aurrean, beronek Moisesi agindu bezala.

26. Urrezko aldarea ere elkarketa-etxolaren barruan jarri zuen, errezelaren aurrean,

27. eta intsentsu usaintsua erre zuen bertan, Jaunak agindu bezala.

28. Gero, Moisesek oihala ipini zuen egoitzaren sarreran.

29. Elkarketa-etxolaren sarreran erre-oparien aldarea ezarri zuen, eta erre-opariak eta labore-opariak egin zituen bertan, Jaunak agindu bezala.

30. Elkarketa-etxolaren eta aldarearen artean ezarri zuen uraska eta urez bete, garbikuntzetarako.

31. Bertan garbitzen zituzten esku-oinak Moisesek, Aaronek eta honen semeek.

32. Hala egiten zuten elkarketa-etxolan sartzen eta aldarera hurbiltzen ziren bakoitzean, Jaunak Moisesi agindu bezala.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 40