Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 21:21-34 Elizen Arteko Biblia (EAB)

21. Baina egun bat edo bi bizirik irauten badu, ez dute kondenatuko, berea baitzuen esklaboa.

22. «Gizonezko bi haserre ari direla, emakume haurdun bat jo eta honek haurra galtzen badu, beste inolako okerrik gabe, errudunak haren senarrak ezarritako ordaina emango du, epaileen erabakiaren arabera.

23. Baina bestelako okerrik gertatzen bada, bizia eman beharko du biziaren ordain,

24. begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain, eskua eskuaren ordain, oina oinaren ordain,

25. erredura erreduraren ordain, zauria zauriaren ordain, kolpea kolpearen ordain.

26. «Norbaitek bere esklaboa, gizasemea nahiz emakumea, begian jotzen badu eta begia hondatzen, libre utziko du hondatutako begiaren ordain.

27. Hortz bat hausten badio, libre utziko du hortzaren ordain.

28. «Idi batek gizaseme nahiz emakumeren bat adarkatzen badu eta hiltzen, harrika hilko dute eta haren okelarik ez dute jango; baina idiaren jabea errugabetzat emango dute.

29. Alabaina, idiak lehen ere adarkatzen bazuen eta, jabeak, jakinaren gainean egon arren, zaindu ez duelarik, idi horrek norbait, gizaseme nahiz emakume, hiltzen badu, harrika hilko dute, eta jabea ere heriotzara emango.

30. Heriotzatik askatzeko jaregite-saria ezartzen badiote, eskatutako guztia eman beharko du biziaren ordain.

31. Lege berak balio du adarkatua neskatxa nahiz mutikoa bada ere.

32. Adarkatua esklaboa bada, harrika hilko dute idia, eta esklaboaren jabeari zilarrezko hogeita hamar txanpon ordainduko dizkiote.

33. «Norbaitek putzua irekia utzi edota, egin ondoren, estali gabe uzten badu, eta idia zein astoa bertara erortzen bada,

34. dirutan ordainduko dio aberearen jabeari, baina hildako aberea beretzat har dezake.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 21