Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 21:13-31 Elizen Arteko Biblia (EAB)

13. Baina nahi gabe egin badu eta halabeharrez, neuk adieraziko diot zein lekutan babes daitekeen.

14. Aitzitik, lagun hurkoarekin haserre egon eta maltzurkeriaz hiltzen duena, nire aldare ondoan babesten bada ere, handik hartu eta heriotzara emango duzue.

15. «Aita nahiz ama jotzen duenak heriotza-zigorra izango du.

16. «Norbait bahitzen duenak, nahiz dagoeneko saldua izan, nahiz oraino berekin izan, heriotza-zigorra izango du.

17. «Aita nahiz ama madarikatzen duenak heriotza-zigorra izango du.

18. «Gizon biren arteko haserrealdian, batak bestea harriz nahiz ukabilez jo eta oheratu beharrean uzten badu, baina hil gabe,

19. baldin zauritua gero jaiki eta makuluaren laguntzaz kalera irteten bada, errugabetzat emango dute erasotzailea; ez dago behartua sendaketaren eta geldi egonaren ordaina ematera besterik.

20. «Norbaitek bere esklaboa, gizasemea nahiz emakumea, makilaz jotzen badu eta bat-batean hiltzen, erruduntzat emango dute.

21. Baina egun bat edo bi bizirik irauten badu, ez dute kondenatuko, berea baitzuen esklaboa.

22. «Gizonezko bi haserre ari direla, emakume haurdun bat jo eta honek haurra galtzen badu, beste inolako okerrik gabe, errudunak haren senarrak ezarritako ordaina emango du, epaileen erabakiaren arabera.

23. Baina bestelako okerrik gertatzen bada, bizia eman beharko du biziaren ordain,

24. begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain, eskua eskuaren ordain, oina oinaren ordain,

25. erredura erreduraren ordain, zauria zauriaren ordain, kolpea kolpearen ordain.

26. «Norbaitek bere esklaboa, gizasemea nahiz emakumea, begian jotzen badu eta begia hondatzen, libre utziko du hondatutako begiaren ordain.

27. Hortz bat hausten badio, libre utziko du hortzaren ordain.

28. «Idi batek gizaseme nahiz emakumeren bat adarkatzen badu eta hiltzen, harrika hilko dute eta haren okelarik ez dute jango; baina idiaren jabea errugabetzat emango dute.

29. Alabaina, idiak lehen ere adarkatzen bazuen eta, jabeak, jakinaren gainean egon arren, zaindu ez duelarik, idi horrek norbait, gizaseme nahiz emakume, hiltzen badu, harrika hilko dute, eta jabea ere heriotzara emango.

30. Heriotzatik askatzeko jaregite-saria ezartzen badiote, eskatutako guztia eman beharko du biziaren ordain.

31. Lege berak balio du adarkatua neskatxa nahiz mutikoa bada ere.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 21