Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 16:17-36 Elizen Arteko Biblia (EAB)

17. Hala egin zuten israeldarrek, batak asko eta besteak gutxi bilduz.

18. Neurria hartzerakoan, ordea, ez zuen sobera asko bildu zuenak, ez eta eskas gutxi bildu zuenak ere. Bakoitzak jateko behar adina zuen.

19. Gero, Moisesek esan zien: «Ez dezala inork biharamunerako ezer gorde».

20. Hala ere, zenbaitek ez zion Moisesi jaramonik egin eta hurrengo egunerako gorde zuen; baina harrak jo eta usteldu egin zitzaien. Haserretu egin zen Moises haien aurka.

21. Goizero biltzen zuen bakoitzak jateko behar zuena, eguzkiak berotzean desagertu egiten baitzen.

22. Seigarren egunean bi halako bildu ohi zuten, bederatzi bat litro lagun bakoitzeko; orduan, elkarte-arduradunak horren berri ematera joan zitzaizkion Moisesi.

23. Honek erantzun zien: «Hori da Jaunak esana: Bihar larunbata da, Jaunari sagaraturiko atseden-eguna. Erre gaur erre beharrekoa eta egosi egosi beharrekoa, eta gorde biharko gelditzen zaizuena».

24. Moisesek agindu bezala, biharamunerako gorde zuten gelditu zitzaiena eta ez zitzaien usteldu, ezta harrik sortu ere.

25. Orduan, Moisesek esan zien: «Jan ezazue gaur, Jaunari sagaraturiko atseden-eguna da eta; gaur ez duzue kanpoan ezer aurkituko.

26. Sei egunez bilduko duzue; zazpigarren eguna atseden-eguna da eta ez da ezer izango».

27. Herritar zenbait, ordea, zazpigarren egunean ere biltzera atera zen, baina ez zuen ezer aurkitu.

28. Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Noiz arte ibili behar duzue nire agindu eta legeak bete nahi ezta?

29. Begira: neuk, Jaun honek, eman dizuet larunbata, atseden hartzeko; horregatik, seigarren egunean bi egunerako janaria ematen dizuet. Beraz, zazpigarren egunean zaudete nor bere tokian, kanpora atera gabe».

30. Herriak, bada, atseden hartu zuen zazpigarren egunean.

31. Israeldarrek biltzen zutenari «Mana» eman zioten izena. Zuria zen, txarrangil-haziaren itxurakoa eta ezti-opilaren gustukoa.

32. Moisesek esan zien: «Hau agindu du Jaunak: Lau litroko neurria manaz bete eta gorde ondorengo belaunaldientzat, Egiptotik atera zaituztedanean basamortuan eman dizuedan janaria ikus dezaten».

33. Eta Aaroni esan zion: «Hartu ontzi bat, bete lau litro manaz eta ezarri Jaunaren aurrean, ondorengo belaunaldientzat gordez».

34. Jaunak Moisesi agindu bezala, Aaronek itun-agiriaren aurrean gorde zuen gerorako.

35. Berrogei urtez jan zuten mana israeldarrek, jendedun lurraldeetara, Kanaango lur-mugetara, iritsi arte alegia.

36. (Omer —mana neurtzeko erabilitako neurria— efa baten hamarrena zen).

Irakurri kapitulu osoa Irteera 16