Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 16:11-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Jaunak esan zion Moisesi:

12. «Aditu dut israeldarren marmarra. Esaiezu: Ilunabarrean okela jango duzue, eta bihar goizean ogiz aseko zarete. Honela jakingo duzue ni naizela Jauna, zuen Jainkoa».

13. Arratsaldean, galeperrak heldu ziren eta kanpaleku osoa estali zuten; biharamun goizean, ihintz-geruza azaldu zen kanpaleku inguruan.

14. Ihintza desagertu zenean, antzigarraren itxurako zerbait, xehea eta garautsua, gelditu zen lur gainean.

15. Hura ikustean, israeldarrek honela ziotsoten elkarri: «Zer da hau?» Ez baitzekiten zer zen.Moisesek esan zien: «Jaunak janaritzat ematen dizuen ogia da.

16. Hara zer agindu didan Jaunak: Bakoitzak bil dezala jateko behar adina, lau litro bakoitzeko, nork bere etxolan dituen lagunen arabera».

17. Hala egin zuten israeldarrek, batak asko eta besteak gutxi bilduz.

18. Neurria hartzerakoan, ordea, ez zuen sobera asko bildu zuenak, ez eta eskas gutxi bildu zuenak ere. Bakoitzak jateko behar adina zuen.

19. Gero, Moisesek esan zien: «Ez dezala inork biharamunerako ezer gorde».

20. Hala ere, zenbaitek ez zion Moisesi jaramonik egin eta hurrengo egunerako gorde zuen; baina harrak jo eta usteldu egin zitzaien. Haserretu egin zen Moises haien aurka.

21. Goizero biltzen zuen bakoitzak jateko behar zuena, eguzkiak berotzean desagertu egiten baitzen.

22. Seigarren egunean bi halako bildu ohi zuten, bederatzi bat litro lagun bakoitzeko; orduan, elkarte-arduradunak horren berri ematera joan zitzaizkion Moisesi.

23. Honek erantzun zien: «Hori da Jaunak esana: Bihar larunbata da, Jaunari sagaraturiko atseden-eguna. Erre gaur erre beharrekoa eta egosi egosi beharrekoa, eta gorde biharko gelditzen zaizuena».

24. Moisesek agindu bezala, biharamunerako gorde zuten gelditu zitzaiena eta ez zitzaien usteldu, ezta harrik sortu ere.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 16