Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 10:6-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

6. Zure jauregia eta zure funtzionario eta egiptoar guztien etxeak beteko dituzte. Zure guraso eta aiton-amonen egunetatik gaurdaino ikusi ez den bezalakoa izango da».Eta hori esanda, Moisesek faraoiari bizkarra eman eta alde egin zuen.

7. Funtzionarioek esan zioten faraoiari: «Noiz arte jardun behar du gizon horrek guri zorigaitza sortzen? Utziezu beren Jainko Jauna gurtzera joaten. Ez al zara ohartzen, jauna, galzorian dagoela Egipto?»

8. Faraoiak Moises eta Aaron etorrarazi zituen eta esan zien:—Zoazte! Gurtu Jauna, zeuen Jainkoa. Baina joatekoak zein zareten esan behar didazue.

9. Moisesek erantzun zion:—Gure haur eta agureekin, gure ardi eta behiekin joan behar dugu, Jaunaren festa nagusia baita guretzat.

10. Faraoiak, orduan:—Bai, eta Jauna izan dezazuela lagun! Baina zuen haur eta guzti joaten utziko dizuedala uste al duzue? Ez horixe! Argi dago asmo txarretan zabiltzatela.

11. Joan zintezkete, bai, Jauna gurtzera, hala nahi izanez gero, baina gizon helduak beste inor ez.Eta jauregitik bota egin zituen.

12. Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Luzatu eskua Egiptoren gain, larrapoteak etor daitezen eta kazkabarrak jo gabe utzi zituen landareak eta gainerako guztia jan ditzaten».

13. Luzatu zuen Moisesek makila Egiptoren gain eta, Jaunak eraginik, ekialdeko haizeak jo zuen lurraldean egun osoan eta gau osoan. Biharamun goizerako, ekialdeko haizeak larrapoteak ekarriak zituen.

14. Hauek lurralde osoa bete zuten. Egun hartan bezainbateko larrapote-mordorik ez zen lehenago izan, ez eta geroan izango ere,

15. lurra ezin ikusteraino estali baitzuten. Kazkabarraren ondoren gelditu ziren landareak eta zuhaitzetako emaitzak irentsi zituzten. Ez zen berdegunerik gelditu Egipto osoan, ez belardietan, ez zuhaitzetan.

16. Faraoiak Moisesi eta Aaroni presaka deitu eta esan zien: «Zuen Jainko Jaunaren aurka eta zuen aurka egin dut bekatu;

17. barkatu oraingo honetan ere nire bekatua eta egiozue erregu zeuen Jainko Jaunari, heriotza-zigor hau alden diezadan».

18. Irten zen Moises faraoiaren aitzinetik eta otoitz egin zion Jaunari.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 10