Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 42:16-32 Elizen Arteko Biblia (EAB)

16. Bidali zeuetariko bat anaiaren bila; gainerakoak preso geldituko zarete; honela frogatuko duzue egia diozuela. Bestela, ala faraoia!, zelatariak zarete.

17. Eta kartzelara sartu zituen hiru egunerako.

18. Hirugarren egunean Josek esan zien: «Egizue nire esana eta bizirik aterako zarete, nik neuk ere begirune baitiot Jainkoari.

19. Egia baldin badiozue, geldi bedi zuetariko bat preso, guztiok egon zareten kartzela horretan. Gainerakook joan zintezkete garia eramatera etxekoen gosea asetzeko.

20. Gero, ekarri zeuen anaia gazteena. Orduan frogatuko duzue egia diozuela eta ez zarete hilko».Onartu zuten proposamena.

21. Bien bitartean honela ziotsoten elkarri: «Ai ene! Geure anaiari eginikoa ari gara ordaintzen. Estuasunean ikusi eta erreguka ari zitzaigunean, ez genion jaramonik egin. Hara nondik datorkigun oraingo larrialdi hau!»

22. Rubenek esan zien: «Esan nizuen nik mutikoari kalterik ez egiteko, baina ez zenidaten jaramonik egin. Orain, haren heriotzaren kontua eskatzen zaigu».

23. Ez zekiten Josek ulertzen ziela, itzultzaile baten bitartez mintzatzen baitzitzaien.

24. Josek, haiengandik urrunduz, negarrari eman zion. Gero, berriro etorri eta beraiekin mintzatzen jarraitu zuen. Azkenik, Simeon hartu eta beraien aurrean atxilotu zuen.

25. Gero, haien zakuak gariz bete, bakoitzari bere dirua itzuli eta biderako jan-edariak emateko agindu zuen. Eta hala egin zieten.

26. Zakuak asto gainean kargatu eta alde egin zuten.

27. Gaua igarotzeko gelditu zirenean, batek, astoari pentsua emateko zakua ireki zuelarik, dirua zaku-muturrean aurkitu zuen.

28. Anaiei esan zien:—Dirua itzuli egin didate. Begira nire gari-zakua.Asaldaturik eta zur eta lur eginik, honela ziotsoten elkarri:—Zergatik egin ote digu hau Jainkoak?

29. Kanaan lurraldera iristean, beren aita Jakobi kontatu zioten gertatutako guztia, esanez:

30. «Lurralde hartako jaun den gizonak zakar hitz egin digu, eta zelataritzat hartu gaitu.

31. Guk, gizon zintzoak garela eta ez zelatariak esan diogu.

32. Hamabi anaia ginela, aita bat beraren seme; anaia bat ez zegoela jadanik gurekin eta gazteena aitarekin zela Kanaanen.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 42