Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40
  41. 41
  42. 42
  43. 43
  44. 44
  45. 45
  46. 46
  47. 47
  48. 48
  49. 49
  50. 50

Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 42 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Jakin zuen Jakobek bazela Egipton garia, eta honela mintzatu zitzaien semeei: «Zertan zaudete elkarri begira?

2. Egipton garia badela jakin dut. Jaitsi, bada, garia erostera, bizi ahal gaitezen eta ez goseak hil».

3. Jaitsi ziren, bada, Joseren hamar senideak Egiptora garia erostera.

4. Jakobek ez zuen Benjamin, Joseren anaia, beste senideekin bidali nahi izan, zorigaitzen bat gertatuko ote zitzaion beldurrez.

5. Besteak bezala, beraz, Israelen semeak ere Egiptora joan ziren garia erostera, Kanaan lurraldean gosete handia zenez gero.

Senideek Jose ezagutu ez

6. Jose zen lurralde hartako nagusia; berak saltzen zion garia jende guztiari. Heldu ziren, bada, Joseren senideak eta ahuspeztu egin zitzaizkion.

7. Ikusi orduko ezagutu zituen Josek bere senideak. Baina ez zien bere burua ezagutarazi; gainera, zakar mintzatu zitzaien:—Nondik zatozte?Haiek erantzun:—Kanaan lurraldetik, garia erostera.

8. Ezagutu zituen, bai, Josek bere senideak, baina hauek ez bera.

9. Jose haietaz izandako ametsez oroitu zen, eta honela hitz egin zien:—Zelatariak zarete zuek, lurralde honetako alderdi zaindu gabeak miatzera etorriak.

10. Haiek erantzun:—Ez, jauna; zure zerbitzariok garia erostera etorri gara.

11. Aita bat beraren semeak gaituzu; gizon zintzoak gara eta ez zelatariak.

12. Josek esan zien:—Ez horixe! Zuek lurralde honetako alderdi zaindu gabeak miatzera etorri zarete.

13. Haiek, ordea:—Zure zerbitzariok hamabi ginen, aita bat beraren semeak, Kanaan lurraldekoak; gazteena aitarekin da orain eta bestea ez da gure artean.

14. Josek, berriro:—Horixe zelatariak zaretela!

15. Eta besterik frogatu nahi baduzue, ekatzue hona zeuen anaia gazteena. Bien bitartean, ala faraoia!, ez zarete hemendik aterako.

16. Bidali zeuetariko bat anaiaren bila; gainerakoak preso geldituko zarete; honela frogatuko duzue egia diozuela. Bestela, ala faraoia!, zelatariak zarete.

17. Eta kartzelara sartu zituen hiru egunerako.

Josek beste proba bat ezarri anaiei

18. Hirugarren egunean Josek esan zien: «Egizue nire esana eta bizirik aterako zarete, nik neuk ere begirune baitiot Jainkoari.

19. Egia baldin badiozue, geldi bedi zuetariko bat preso, guztiok egon zareten kartzela horretan. Gainerakook joan zintezkete garia eramatera etxekoen gosea asetzeko.

20. Gero, ekarri zeuen anaia gazteena. Orduan frogatuko duzue egia diozuela eta ez zarete hilko».Onartu zuten proposamena.

21. Bien bitartean honela ziotsoten elkarri: «Ai ene! Geure anaiari eginikoa ari gara ordaintzen. Estuasunean ikusi eta erreguka ari zitzaigunean, ez genion jaramonik egin. Hara nondik datorkigun oraingo larrialdi hau!»

22. Rubenek esan zien: «Esan nizuen nik mutikoari kalterik ez egiteko, baina ez zenidaten jaramonik egin. Orain, haren heriotzaren kontua eskatzen zaigu».

23. Ez zekiten Josek ulertzen ziela, itzultzaile baten bitartez mintzatzen baitzitzaien.

24. Josek, haiengandik urrunduz, negarrari eman zion. Gero, berriro etorri eta beraiekin mintzatzen jarraitu zuen. Azkenik, Simeon hartu eta beraien aurrean atxilotu zuen.

25. Gero, haien zakuak gariz bete, bakoitzari bere dirua itzuli eta biderako jan-edariak emateko agindu zuen. Eta hala egin zieten.

26. Zakuak asto gainean kargatu eta alde egin zuten.

27. Gaua igarotzeko gelditu zirenean, batek, astoari pentsua emateko zakua ireki zuelarik, dirua zaku-muturrean aurkitu zuen.

28. Anaiei esan zien:—Dirua itzuli egin didate. Begira nire gari-zakua.Asaldaturik eta zur eta lur eginik, honela ziotsoten elkarri:—Zergatik egin ote digu hau Jainkoak?

Anaiak etxera itzuli

29. Kanaan lurraldera iristean, beren aita Jakobi kontatu zioten gertatutako guztia, esanez:

30. «Lurralde hartako jaun den gizonak zakar hitz egin digu, eta zelataritzat hartu gaitu.

31. Guk, gizon zintzoak garela eta ez zelatariak esan diogu.

32. Hamabi anaia ginela, aita bat beraren seme; anaia bat ez zegoela jadanik gurekin eta gazteena aitarekin zela Kanaanen.

33. Orduan, lurralde hartako jaun den gizonak esan digu: “Honela jakingo dut gizon zintzoak zaretela: zuetako bat nirekin geldituko da; besteok hartu etxekoen gosea asetzeko garia eta joan.

34. Ekardazue gero zeuen anaia gazteena, eta orduan jakingo dut zelatariak ez, baizik gizon zintzoak zaretela. Ondoren itzuliko dizuet anaia, eta lurralde honetan ibili ahal izango zarete”».

35. Zakuak husterakoan, nork bere diru-zorroa zaku-muturrean zeukan. Diru-zorroak ikustean, beldurtu egin ziren aita-semeak.

36. Orduan, Jakobek esan zien:—Semerik gabe utzi behar nauzue: Jose falta dut, Simeon ere bai eta, orain, Benjamin kendu nahi didazue. Zoritxarra zoritxarraren gain niretzat!

37. Rubenek esan zion aitari:—Utzi Benjamin nire kontu, eta neuk itzuliko dizut. Itzuliko ez banizu, hil nire bi semeak!

38. Jakobek, orduan:—Ez da jaitsiko nire semea zuekin, hila baitu bere anaia eta bera bakarrik gelditzen zait Rakelengandik. Bidean zoritxarren bat gertatuko balitzaio, agure hau Hildakoen Egoitzara jaitsaraziko zenukete atsekabez.