Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 18:7-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Abraham bera bizi-bizi joan zen ukuilura, eta, zekor guri eta gizen bat aukeraturik, morroi bati eman zion; honek berehala atondu zuen.

8. Hartu zituen gatzatua, esnea eta atonduriko okela, eta bisitariei eraman zizkien. Haiek jaten zuten bitartean, zutik egon zen bera ondoan, zuhaizpean.

9. Bukatzean, esan zioten:—Non da Sara zure emaztea?—Oihal-etxolan —erantzun zuen Abrahamek.

10. Jaunak esan zion:—Zinez, urtebete barru itzuliko natzaizu, eta ordurako zure emazte Sarak semea izango du.Sara adi-adi zegoen oihal-etxolako ate ostean.

11. Abraham eta Sara oso zaharrak ziren, eta iragana zuen Sarak seme-alabak izateko garaia.

12. Horregatik, irri egin zuen Sarak, bere artean pentsatuz: «Agor-agorra nagoelarik, senti ote nezake atseginik? Eta nire senarra zaharra dela, gainera».

13. Orduan, Jaunak esan zion Abrahami:—Zergatik ari da irribarrez Sara, zaharra izanik, semerik ezin duela izan pentsatuz?

14. Ba ote da ezer ezinezkorik Jaunarentzat? Urtebete barru itzuliko natzaizunean, Sarak semea izango du!

15. Sarak, beldurturik, ukatu egin zuen, esanez:—Ez dut irribarrerik egin.—Nola ezetz! Irri egin duzu —erantzun zion hark.

16. Ondoren, gizon haiek Sodomarantz abiatu ziren. Abrahamek lagundu egin zien apur batez, agurtu aurretik.

17. Honela ziharduen Jaunak berekiko: «Egingo dudanaren berri eman gabe utzi behar ote dut Abraham?

18. Izan ere, berau izango da herri handi eta ahaltsu baten buru eta herri guztientzat bedeinkazio-iturri.

19. Berau hautatu dut bere seme-alaba eta etxekoei Jaunaren arabera bizitzen irakasteko, on eta zuzen dena eginez. Eta nik, Jaunak, bete egingo dut Abrahami aginduriko guztia».

20. Esan zion, beraz, Jaunak Abrahami: «Izugarria da Sodoma eta Gomorraren aurkako salakuntza. Larriegia da hiri horien bekatua.

21. Salakuntza hori egiaztatzera joan behar dut, eta egiazkoa den ala ez ikusi».

22. Gizasemeek Sodomarantz jo zuten.Abraham, berriz, Jaunaren aurrean zutik gelditu zen.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 18