Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40
  41. 41
  42. 42
  43. 43
  44. 44
  45. 45
  46. 46
  47. 47
  48. 48
  49. 49
  50. 50

Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Isaaken jaiotzaz bigarren agintzaria

1. Behin batean, Jauna agertu zitzaion Abrahami Mambreren artadian. Abraham oihal-etxolaren sarreran eserita zegoen, berorik handieneko orduan.

2. Begiak jasorik, hiru gizonezko ikusi zituen bere aurrean zutik. Ikusi orduko, lasterka joan zitzaien oihal-etxolaren sarreratik. Ahuspez jarri

3. eta esan zien:—Ene Jauna, begiko banauzu, ez alde egin, arren.

4. Berehala ekarriko dizuet ura, oinak garbitzeko. Hartzazue atseden bitartean, zuhaitzaren itzalpean.

5. Jateko zerbait ekarriko dizuet indarberri zaitezten. Gero, bideari jarraituko diozue. Zerbaitegatik igaro zarete zeuen zerbitzari honen ondotik.—Ongi da —erantzun zioten—; egizu esan bezala.

6. Abraham korrika sartu zen oihal-etxolara, Sararengana, eta esan zion:—Bizkor, egizu orea irinik onenaz hirurentzat eta presta itzazu opil batzuk.

7. Abraham bera bizi-bizi joan zen ukuilura, eta, zekor guri eta gizen bat aukeraturik, morroi bati eman zion; honek berehala atondu zuen.

8. Hartu zituen gatzatua, esnea eta atonduriko okela, eta bisitariei eraman zizkien. Haiek jaten zuten bitartean, zutik egon zen bera ondoan, zuhaizpean.

9. Bukatzean, esan zioten:—Non da Sara zure emaztea?—Oihal-etxolan —erantzun zuen Abrahamek.

10. Jaunak esan zion:—Zinez, urtebete barru itzuliko natzaizu, eta ordurako zure emazte Sarak semea izango du.Sara adi-adi zegoen oihal-etxolako ate ostean.

11. Abraham eta Sara oso zaharrak ziren, eta iragana zuen Sarak seme-alabak izateko garaia.

12. Horregatik, irri egin zuen Sarak, bere artean pentsatuz: «Agor-agorra nagoelarik, senti ote nezake atseginik? Eta nire senarra zaharra dela, gainera».

13. Orduan, Jaunak esan zion Abrahami:—Zergatik ari da irribarrez Sara, zaharra izanik, semerik ezin duela izan pentsatuz?

14. Ba ote da ezer ezinezkorik Jaunarentzat? Urtebete barru itzuliko natzaizunean, Sarak semea izango du!

15. Sarak, beldurturik, ukatu egin zuen, esanez:—Ez dut irribarrerik egin.—Nola ezetz! Irri egin duzu —erantzun zion hark.

Sodomako suntsipena iragarri

16. Ondoren, gizon haiek Sodomarantz abiatu ziren. Abrahamek lagundu egin zien apur batez, agurtu aurretik.

17. Honela ziharduen Jaunak berekiko: «Egingo dudanaren berri eman gabe utzi behar ote dut Abraham?

18. Izan ere, berau izango da herri handi eta ahaltsu baten buru eta herri guztientzat bedeinkazio-iturri.

19. Berau hautatu dut bere seme-alaba eta etxekoei Jaunaren arabera bizitzen irakasteko, on eta zuzen dena eginez. Eta nik, Jaunak, bete egingo dut Abrahami aginduriko guztia».

20. Esan zion, beraz, Jaunak Abrahami: «Izugarria da Sodoma eta Gomorraren aurkako salakuntza. Larriegia da hiri horien bekatua.

21. Salakuntza hori egiaztatzera joan behar dut, eta egiazkoa den ala ez ikusi».

22. Gizasemeek Sodomarantz jo zuten.Abraham, berriz, Jaunaren aurrean zutik gelditu zen.

Abrahamen erregua

23. Hurbildurik, esan zion:—Egiaz, errugabea galdu behar ote duzu errudunarekin batera?

24. Beharbada, berrogeita hamar errugabe izango dira herri horretan. Horiek ere hilarazi behar ote dituzu? Ez ote zenioke barkatuko hiri osoari berrogeita hamar errugabeongatik?

25. Utikan zuregandik errugabea errudunarekin batera hilaraztea! Nola jokatuko duzu, bada, berdin batarekin zein bestearekin? Munduaren epaileak ez ote du zuzenbiderik egingo?

26. Jaunak erantzun:—Baldin berrogeita hamar errugabe aurkitzen baditut, haiengatik hiri osoari barkatuko diot.

27. Abrahamek esan zion:—Hara, hauts eta errauts besterik ez naizen arren, ene jaun horri mintzatzera ausartzen naiz.

28. Gerta daiteke berrogeita hamarrera iristeko bost falta izatea. Hiri osoa suntsituko ote duzu bost horiengatik?—Ez —erantzun zion Jaunak—, ez dut suntsituko, berrogeita bost errugabe aurkitzen baditut.

29. Eta Abrahamek, berriro:—Gerta daiteke berrogei besterik ez izatea.—Ba —ihardetsi zion Jaunak—, ez dut suntsituko berrogei horiengatik.

30. Abrahamek esan zion:—Ez zaitez haserre, ene Jauna, oraindik ere mintzatzen banatzaizu. Badaiteke hogeita hamar besterik ez izatea.—Ez dut suntsituko hogeita hamar aurkitzen baditut —erantzun zion Jaunak.

31. Abrahamek, berriro ere:—Badakit ausartegia naizela, baina badaiteke hogei besterik ez izatea.—Ez dut suntsituko hogei horiengatik —erantzun zion Jaunak.

32. Eta Abrahamek, oraindik:—Ez haserre, Jauna, beste behin mintzatzen banatzaizu. Badaiteke hamar besterik ez izatea.Jaunak erantzun zion:—Ez dut suntsituko hamar horiengatik.

33. Abrahamekin mintzatzen amaitu ondoren, alde egin zuen Jaunak. Eta Abraham bere oihal-etxolara itzuli zen.