Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 38:2-11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2. «Gizaseme, zuzendu Magog herrialdeko Gog-engana, Mexek eta Tubal herrien buruzagi nagusiagana, eta hitz egin nire izenean beraren aurka.

3. Adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Gog, zure kontra nator, Mexek eta Tubalgo buruzagi nagusi horren kontra.

4. Itzularazi egingo zaitut, muturretakoa ipini eta zeure gudaroste osoarekin irtenaraziko zaitut: zaldi eta dotore jantzitako zaldizkoekin, babeskiz eta bular-oskolez hornituriko gudaroste handiarekin, denak ezpata eskuetan dutela.

5. Pertsia, Etiopia eta Put herrialdeetako jendea ere haiekin da, denak babeskiz eta buru-oskolez hornituak;

6. baita Gomer-ko eta iparraldeko muturreko Bet-Togarmako gudari-taldeak ere: gudaroste kontaezinak dira zurekin.

7. Presta zaitez, presta zeu eta inguruan duzun gudarostea, eduki ezazu erne.

8. «Urte askoren buruan, kontuak eskatuko dizkizuete. Garai hartan, Israel herrialdera etorriko zara, gerran suntsitua izan ondoren, berriztaturik egongo den herrialdera; berau herri askotan sakabanaturik egon ondoren, luzaroan hondaturik izandako Israelgo mendietan egongo da bilduta. Beste nazioetatik aske, herritar guztiak seguru biziko dira han.

9. Baina zuk, zeure gudaroste eta herri aliatu askorekin, ekaitzak bezala egingo diozu eraso, lurraldea estaltzen duen hodei beltza bezala sartuko zara han».

10. Hau diot nik, Jainko Jaunak: «Egun hartan egitasmo maltzurrak bururatuko zaizkizu.

11. Herrialde babesgabeari erasotzea erabakiko duzu, harresi, ate eta morroilorik gabeko hirietan lasai eta seguru bizi den jendearen kontra joatea, alegia.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 38