Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40
  41. 41
  42. 42
  43. 43
  44. 44
  45. 45
  46. 46
  47. 47
  48. 48

Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 38 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Gog, Jainkoaren baliabide

1. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

2. «Gizaseme, zuzendu Magog herrialdeko Gog-engana, Mexek eta Tubal herrien buruzagi nagusiagana, eta hitz egin nire izenean beraren aurka.

3. Adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Gog, zure kontra nator, Mexek eta Tubalgo buruzagi nagusi horren kontra.

4. Itzularazi egingo zaitut, muturretakoa ipini eta zeure gudaroste osoarekin irtenaraziko zaitut: zaldi eta dotore jantzitako zaldizkoekin, babeskiz eta bular-oskolez hornituriko gudaroste handiarekin, denak ezpata eskuetan dutela.

5. Pertsia, Etiopia eta Put herrialdeetako jendea ere haiekin da, denak babeskiz eta buru-oskolez hornituak;

6. baita Gomer-ko eta iparraldeko muturreko Bet-Togarmako gudari-taldeak ere: gudaroste kontaezinak dira zurekin.

7. Presta zaitez, presta zeu eta inguruan duzun gudarostea, eduki ezazu erne.

8. «Urte askoren buruan, kontuak eskatuko dizkizuete. Garai hartan, Israel herrialdera etorriko zara, gerran suntsitua izan ondoren, berriztaturik egongo den herrialdera; berau herri askotan sakabanaturik egon ondoren, luzaroan hondaturik izandako Israelgo mendietan egongo da bilduta. Beste nazioetatik aske, herritar guztiak seguru biziko dira han.

9. Baina zuk, zeure gudaroste eta herri aliatu askorekin, ekaitzak bezala egingo diozu eraso, lurraldea estaltzen duen hodei beltza bezala sartuko zara han».

10. Hau diot nik, Jainko Jaunak: «Egun hartan egitasmo maltzurrak bururatuko zaizkizu.

11. Herrialde babesgabeari erasotzea erabakiko duzu, harresi, ate eta morroilorik gabeko hirietan lasai eta seguru bizi den jendearen kontra joatea, alegia.

12. Dena harrapatu eta larrutzera joango zara, berreraikiak izan diren hiri hondatuak eta beraietan bizi den herria larrutzera, nazio arrotzetatik etorri eta herrialdean bildu ondoren, abereak eta beste ondasunak lortu dituen herria, munduaren erdian bizi den herria, larrutzera.

13. Saba eta Dedango jendeak, Tarsiseko merkatariek eta inguruko hirietakoek esango dizute: “Harrapakin bila etorri zara? Zilarra, urrea, ganadua eta ondasun handiak pipildu eta harrapatzeko bildu duzu gudarostea?”

14. «Beraz, gizaseme, hitz egin nire izenean eta adierazi Gogi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Nire herri Israel seguru biziko denean, altxatu eta

15. zeure herrialdetik, iparraldeko muturretik, irtengo zara herri asko lagun dituzula: gerlari guztiek zaldi gainean jendetza handia, gudaroste izugarria, osatuko dute.

16. Lurraldea estaltzen duen hodei beltzak bezala, nire herri Israeli erasoko diozu. Azken garaia iristean, neure herriaren kontra etorraraziko zaitut, neure santutasuna zure bitartez, oi Gog, beraien aurrean agertuko dudanean, nazioek aitor nazaten.

17. «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Zu zara neure zerbitzari Israelgo profeten bidez nik aspaldi aipatua: haiek luzaroan iragarri zuten zu etorraraziko zintudala israeldarren kontra.

Jaunak Gog zigortu

18. «Egun hartan, Gog Israel lurraldera etorriko denean, nire haserre-sumina piztuko da. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

19. Neure suminaren suminez zin dagit lurrikara handia izango dela Israelen.

20. Itsasoko arrain, zeruko hegazti, basapiztia, narrasti eta munduko gizaki guztiek dardara egingo dute nire aurrean. Mendiak erori egingo dira, harkaitz-labarrak amildu eta harresi guztiek lur joko.

21. Gerra sorraraziko dut Gogen kontra nire mendi guztietan. Honela diot nik, Jainko Jaunak. Eta haren gerlariek elkar hilko dute.

22. Izurriz eta heriotzaz zigortuko dut. Haren, gudarostearen eta lagun izango dituen herri askoren gain euri-jasa isuraraziko dut, kazkabar, su eta sufrez.

23. Jainko handi eta santua naizela agertuko dut eta nazio askok aitortuko naute. Orduan jakingo dute ni naizela Jauna.