Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 33:4-17 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Norbaitek, adar-hotsa garbi entzun arren, ez badio jaramonik egiten, bera izango da bere heriotzaren erantzule, etsaiak ustekabean harrapatzen badu.

5. Entzun du adar-hotsa eta ez dio jaramonik egin; beraz, bere erruz hil da. Jaramon egin izan balio, salbatu egingo zukeen bizia.

6. Baina jagoleak arerioa datorrela ikusi eta ez badu adarra jotzen jendea ohartarazteko, etsaiak ustekabean harrapatzen duena, bere erruarengatik hilko da, baina nik jagoleari eskatuko diot heriotza horren kontu.

7. Zu, Ezekiel, Israel herriaren jagole izendatu zaitut; nik esandakoa entzutean, ohartarazi egin behar dituzu nire izenean.

8. Gaiztoren batek hil egin behar duela esaten badut, eta bere jokabidea alda dezan zuk ez baduzu ohartarazten, hil egingo da bere erruarengatik, baina zuri eskatuko dizut haren heriotzaren kontu.

9. Aitzitik, bere jokabidea alda dezan gaiztoa ohartarazten baduzu, eta berak ez badu aldatzen, hil egingo da bere erruarengatik, baina zuk onik aterako duzu zeure bizia.

10. «Gizaseme, esan israeldarrei: Zera ari zarete esaten: “Galdurik gaude geure gaiztakeria eta bekatuen zamapean. Nola bizi gintezke?”

11. Esaiezu nire mezua: Ala ni, Jainko Jauna! Nik ez dut atsegin gaiztoa hiltzea, jokabidez aldatu eta bizitzea baino. Itzul zaitezte, beraz, itzul jokabide gaiztotik; zergatik hil behar duzue, israeldarrok?

12. «Zuk, gizaseme, esan zeure herritarrei: Zintzoa, okerbideratzen bada, ez du ordu arteko bere zuzentasunak salbatuko, ezta gaiztoa ere bere gaiztakeriak eroraraziko, jokabide gaiztotik aldentzen bada. Zintzoak ez dio biziari eutsiko aurreko bere zuzentasunagatik, bekatu egiten hasten bada.

13. Zintzoari bizi egingo dela esaten badiot, eta hark, bere zuzentasunaz fidatuz, bidegabekeria egiten badu, ez zaizkio bere egintza zuzenak kontuan hartuko eta hil egingo da bere bidegabekeriagatik.

14. Gaiztoari hil egingo dela esaten badiot, eta hark bekatutik aldendu eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen badu,

15. bahituran hartutakoa bueltatu, ostutakoa itzuli eta, bidegabekeria egiteari utziz, bizia ematen duten aginduetan badabil, bizi egingo da, bai, eta ez da hilko.

16. Ez dut gogoratuko hark egindako bekaturik; zuzenbidez eta justiziaz jokatu duenez, bizi egingo da.

17. «Zure herritarrek erantzungo dute: “Ez da bidezkoa Jaunaren jokabidea”. Beraiena da bidezkoa ez dena.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 33