Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40
  41. 41
  42. 42
  43. 43
  44. 44
  45. 45
  46. 46
  47. 47
  48. 48

Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 33 Elizen Arteko Biblia (EAB)

JERUSALEM ERORI OSTEKOA: ITXAROPENA ETA BIZI BERRIA ISRAELENTZAT (33,1—39,29)

Profeta jagole

1. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

2. «Gizaseme, esan zeure herritarrei: Demagun gerra sorrarazten dudala herrialde baten kontra; orduan, hango jendeak beren arteko bat aukeratu eta jagole izendatzen du.

3. Jagoleak, arerioa datorrela ikustean, adarra jotzen du jendea ohartarazteko.

4. Norbaitek, adar-hotsa garbi entzun arren, ez badio jaramonik egiten, bera izango da bere heriotzaren erantzule, etsaiak ustekabean harrapatzen badu.

5. Entzun du adar-hotsa eta ez dio jaramonik egin; beraz, bere erruz hil da. Jaramon egin izan balio, salbatu egingo zukeen bizia.

6. Baina jagoleak arerioa datorrela ikusi eta ez badu adarra jotzen jendea ohartarazteko, etsaiak ustekabean harrapatzen duena, bere erruarengatik hilko da, baina nik jagoleari eskatuko diot heriotza horren kontu.

7. Zu, Ezekiel, Israel herriaren jagole izendatu zaitut; nik esandakoa entzutean, ohartarazi egin behar dituzu nire izenean.

8. Gaiztoren batek hil egin behar duela esaten badut, eta bere jokabidea alda dezan zuk ez baduzu ohartarazten, hil egingo da bere erruarengatik, baina zuri eskatuko dizut haren heriotzaren kontu.

9. Aitzitik, bere jokabidea alda dezan gaiztoa ohartarazten baduzu, eta berak ez badu aldatzen, hil egingo da bere erruarengatik, baina zuk onik aterako duzu zeure bizia.

Nork bere erantzukizuna

10. «Gizaseme, esan israeldarrei: Zera ari zarete esaten: “Galdurik gaude geure gaiztakeria eta bekatuen zamapean. Nola bizi gintezke?”

11. Esaiezu nire mezua: Ala ni, Jainko Jauna! Nik ez dut atsegin gaiztoa hiltzea, jokabidez aldatu eta bizitzea baino. Itzul zaitezte, beraz, itzul jokabide gaiztotik; zergatik hil behar duzue, israeldarrok?

12. «Zuk, gizaseme, esan zeure herritarrei: Zintzoa, okerbideratzen bada, ez du ordu arteko bere zuzentasunak salbatuko, ezta gaiztoa ere bere gaiztakeriak eroraraziko, jokabide gaiztotik aldentzen bada. Zintzoak ez dio biziari eutsiko aurreko bere zuzentasunagatik, bekatu egiten hasten bada.

13. Zintzoari bizi egingo dela esaten badiot, eta hark, bere zuzentasunaz fidatuz, bidegabekeria egiten badu, ez zaizkio bere egintza zuzenak kontuan hartuko eta hil egingo da bere bidegabekeriagatik.

14. Gaiztoari hil egingo dela esaten badiot, eta hark bekatutik aldendu eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen badu,

15. bahituran hartutakoa bueltatu, ostutakoa itzuli eta, bidegabekeria egiteari utziz, bizia ematen duten aginduetan badabil, bizi egingo da, bai, eta ez da hilko.

16. Ez dut gogoratuko hark egindako bekaturik; zuzenbidez eta justiziaz jokatu duenez, bizi egingo da.

17. «Zure herritarrek erantzungo dute: “Ez da bidezkoa Jaunaren jokabidea”. Beraiena da bidezkoa ez dena.

18. Zintzoa, bere zuzentasunetik aldendu eta bidegabekeria egiten badu, hil egingo da;

19. gaiztoa, bere txarkeriatik aldendu eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen badu, bizi egingo da.

20. Eta oraindik ere Jaunaren jokabidea bidezkoa ez dela esango ote duzue? Israeldarrok, nor bere jokabidearen arabera epaituko zaituztet».

Jerusalemen erorketaren berri

21. Gure erbestealdiko hamabigarren urtean, hamargarren hilaren bostean, Jerusalemdik ihes egindako bat iritsi zitzaidan, esanez: «Hartu dute hiria».

22. Iheslaria iritsi aurreko arratsean, Jaunaren indarra jabetu zen nitaz; eta goizean, gizon hura iristean, ahoa zabaldu zitzaidan eta ez nuen mutu jarraitu.

Israelen suntsipena

23. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

24. «Gizaseme, Israelen hirietako hondakinen artean bizi direnek esaten dute: “Abrahamek, bakarra izanik, lurraldearen jabetza izan bazuen, are gehiago guk, hain ugari izanik”.

25. Beraz, adieraz iezaiezu nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zuek haragia odolarekin jaten duzue, idoloetan uste ona jarri eta hilketak egiten dituzue. Nola nahi duzue, bada, lurralde honen jabetza izan?

26. Armen indarkeria-zale zarete, egintza higuingarriak egin eta lagun hurkoaren emaztea desohoratzen duzue. Nola nahi duzue, bada, lurralde honen jabetza izan?

27. Adieraz iezaiezu nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zin dagit neure biziarengatik: Hirietako hondakinen artean bizi direnak gerran hilko dira; landan daudenak basapiztien janari bihurtuko ditut, eta harkaitz eta koba-zuloetan daudenak izurriz hilko dira.

28. Basamortu eta hondamendi bihurtuko dut herrialdea, beraren indar harroa desegingo; Israelgo mendiak hondamendi bihurtuko ditut, eta ez da handik inor igaroko.

29. Egintza higuingarri guztiak zigortzeko, herrialdea basamortu eta hondamendi bihurtuko dudanean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna.

30. «Gizaseme, zure herritarrak zutaz ari dira harresi ondoan eta etxe-atarietan, elkarri esanez: “Goazen, ea zein mezu ematen digun Jaunak”.

31. Eta multzoan etortzen dira zuregana, eta nire herria zure aurrean esertzen da; entzuten dituzte zure hitzak, baina bete ez; atsegin dituzte zure hitzak, baina beren probetxu bila dabiltza barruan.

32. Azken batean, ahots politaz eta musika ederraren laguntzaz amodio-kantak abesten dituena bezala zara zu berorientzat: entzuten dituzte, bai, zure hitzak; bete, ordea, ez dituzte betetzen.

33. Baina zuk iragarria beteko denean, eta betetzear dago, orduan jakingo dute bazutela profeta bat beren artean».