Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 33:14-29 Elizen Arteko Biblia (EAB)

14. Gaiztoari hil egingo dela esaten badiot, eta hark bekatutik aldendu eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen badu,

15. bahituran hartutakoa bueltatu, ostutakoa itzuli eta, bidegabekeria egiteari utziz, bizia ematen duten aginduetan badabil, bizi egingo da, bai, eta ez da hilko.

16. Ez dut gogoratuko hark egindako bekaturik; zuzenbidez eta justiziaz jokatu duenez, bizi egingo da.

17. «Zure herritarrek erantzungo dute: “Ez da bidezkoa Jaunaren jokabidea”. Beraiena da bidezkoa ez dena.

18. Zintzoa, bere zuzentasunetik aldendu eta bidegabekeria egiten badu, hil egingo da;

19. gaiztoa, bere txarkeriatik aldendu eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen badu, bizi egingo da.

20. Eta oraindik ere Jaunaren jokabidea bidezkoa ez dela esango ote duzue? Israeldarrok, nor bere jokabidearen arabera epaituko zaituztet».

21. Gure erbestealdiko hamabigarren urtean, hamargarren hilaren bostean, Jerusalemdik ihes egindako bat iritsi zitzaidan, esanez: «Hartu dute hiria».

22. Iheslaria iritsi aurreko arratsean, Jaunaren indarra jabetu zen nitaz; eta goizean, gizon hura iristean, ahoa zabaldu zitzaidan eta ez nuen mutu jarraitu.

23. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

24. «Gizaseme, Israelen hirietako hondakinen artean bizi direnek esaten dute: “Abrahamek, bakarra izanik, lurraldearen jabetza izan bazuen, are gehiago guk, hain ugari izanik”.

25. Beraz, adieraz iezaiezu nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zuek haragia odolarekin jaten duzue, idoloetan uste ona jarri eta hilketak egiten dituzue. Nola nahi duzue, bada, lurralde honen jabetza izan?

26. Armen indarkeria-zale zarete, egintza higuingarriak egin eta lagun hurkoaren emaztea desohoratzen duzue. Nola nahi duzue, bada, lurralde honen jabetza izan?

27. Adieraz iezaiezu nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zin dagit neure biziarengatik: Hirietako hondakinen artean bizi direnak gerran hilko dira; landan daudenak basapiztien janari bihurtuko ditut, eta harkaitz eta koba-zuloetan daudenak izurriz hilko dira.

28. Basamortu eta hondamendi bihurtuko dut herrialdea, beraren indar harroa desegingo; Israelgo mendiak hondamendi bihurtuko ditut, eta ez da handik inor igaroko.

29. Egintza higuingarri guztiak zigortzeko, herrialdea basamortu eta hondamendi bihurtuko dudanean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 33