Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 33:12-20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. «Zuk, gizaseme, esan zeure herritarrei: Zintzoa, okerbideratzen bada, ez du ordu arteko bere zuzentasunak salbatuko, ezta gaiztoa ere bere gaiztakeriak eroraraziko, jokabide gaiztotik aldentzen bada. Zintzoak ez dio biziari eutsiko aurreko bere zuzentasunagatik, bekatu egiten hasten bada.

13. Zintzoari bizi egingo dela esaten badiot, eta hark, bere zuzentasunaz fidatuz, bidegabekeria egiten badu, ez zaizkio bere egintza zuzenak kontuan hartuko eta hil egingo da bere bidegabekeriagatik.

14. Gaiztoari hil egingo dela esaten badiot, eta hark bekatutik aldendu eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen badu,

15. bahituran hartutakoa bueltatu, ostutakoa itzuli eta, bidegabekeria egiteari utziz, bizia ematen duten aginduetan badabil, bizi egingo da, bai, eta ez da hilko.

16. Ez dut gogoratuko hark egindako bekaturik; zuzenbidez eta justiziaz jokatu duenez, bizi egingo da.

17. «Zure herritarrek erantzungo dute: “Ez da bidezkoa Jaunaren jokabidea”. Beraiena da bidezkoa ez dena.

18. Zintzoa, bere zuzentasunetik aldendu eta bidegabekeria egiten badu, hil egingo da;

19. gaiztoa, bere txarkeriatik aldendu eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen badu, bizi egingo da.

20. Eta oraindik ere Jaunaren jokabidea bidezkoa ez dela esango ote duzue? Israeldarrok, nor bere jokabidearen arabera epaituko zaituztet».

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 33