Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 28:6-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

6. «Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Zeure burua jainkoen pareko egin duzulako,

7. atzerriko jenderik ankerrena etorraraziko dut zure kontra; zure jakinduria bikainaren emaitzak desegingo dituzte ezpataz, eta zure ospe distiratsua belztuko.

8. Hildakoen tokira jaitsaraziko zaituzte, heriotza bortitzez hilko zara itsas erdian.

9. Zeure hiltzaileen eskumendean, jarraituko ote duzu jainko zarela esaten, zuk, gizaki huts zaren horrek?

10. Sinesgabeei dagokien heriotza lotsagarria izango duzu atzerritarren eskutik. Nik, Jainko Jaunak, esana».

11. Honela mintzatu zitzaidan Jainko Jauna:

12. «Gizaseme, kanta eresia Tiroko erregeari eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Bikaintasunaren eredu zinen, jakinduriaz eta edertasun paregabez jantzia;

13. paradisuan bizi zinen, Jainkoaren baratzean, mota guztietako harribitxiz apaindua, kornalina, topazio eta beriloz, krisolito, onize eta jaspez, zafiro, errubi eta esmeraldaz apaindua; urrez landuak ziren zure bitxi eta apaingailuak, sortu zintuzten egun berean prestatuak.

14. Zu, beso zabalik dagoen kerubin babesle zinen, Jainkoaren mendi santuan zeunden eta ikatz gorien artean ibiltzen zinen.

15. Portaera akats gabea izan zenuen sortu zintuzten egunetik, maltzurkeriaz jokatzen hasi zinen arte.

16. Zeure merkataritza oparoagatik, indarkeriaz bete eta bekatu egin zenuen. Horregatik, zeure postutik kendu eta bota egin zintudan menditik, eta kerubin babesle zinen hori ikatz gorien artetik kendu.

17. Zeure edertasunak harropuztu egin zintuen, zeure distirak burua nahastu. Horregatik bota zaitut lurrera, eta erregeen aurrean barregarri utzi.

18. Erru asko eta bidegabeko merkataritzaz profanatu duzu zeure santutegia. Zeure baitatik sua sorrarazi dut eta irentsi egin zaitu; errauts bihurtu zaitut, guztien begi aurrean.

19. Ezagutzen zintuzten herri guztiak txunditurik daude, beldurgarria baita zure patua: zureak egin du betiko!»

20. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

21. «Gizaseme, itzuli Sidon aldera eta hitz egin nire izenean haren kontra.

22. Adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zure aurka nator, Sidon, zure kontura jantziko naiz ospez. Zure aurka epaia bete eta neure santutasuna agertzean, denek jakingo dute ni naizela Jauna.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 28