Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40
  41. 41
  42. 42
  43. 43
  44. 44
  45. 45
  46. 46
  47. 47
  48. 48

Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 28 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Tiroko erregearen aurkako mezua

1. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

2. «Gizaseme, adierazi Tiroko erregeari nire, Jainko Jaun honen, mezua: Harropuzturik, esan duzu: “Jainko naiz eta jainko-tronuan nago eseria, itsas erdian”; baina zu gizaki huts zara, eta ez jainko, nahiz eta Jainkoaren pareko zarela uste izan.

3. Daniel bera baino ere jakintsuagoa omen zara! Ez dago enigma ulertezinik zuretzat.

4. Zeure jakinduria eta trebetasunaz egin zara aberats, urrea eta zilarra pilatu dituzu zeure altxorretan;

5. merkataritzarako zenuen abileziaz erruz ugaldu dituzu ondasunak, eta aberastasunak harropuztu egin zaitu.

6. «Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Zeure burua jainkoen pareko egin duzulako,

7. atzerriko jenderik ankerrena etorraraziko dut zure kontra; zure jakinduria bikainaren emaitzak desegingo dituzte ezpataz, eta zure ospe distiratsua belztuko.

8. Hildakoen tokira jaitsaraziko zaituzte, heriotza bortitzez hilko zara itsas erdian.

9. Zeure hiltzaileen eskumendean, jarraituko ote duzu jainko zarela esaten, zuk, gizaki huts zaren horrek?

10. Sinesgabeei dagokien heriotza lotsagarria izango duzu atzerritarren eskutik. Nik, Jainko Jaunak, esana».

11. Honela mintzatu zitzaidan Jainko Jauna:

12. «Gizaseme, kanta eresia Tiroko erregeari eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Bikaintasunaren eredu zinen, jakinduriaz eta edertasun paregabez jantzia;

13. paradisuan bizi zinen, Jainkoaren baratzean, mota guztietako harribitxiz apaindua, kornalina, topazio eta beriloz, krisolito, onize eta jaspez, zafiro, errubi eta esmeraldaz apaindua; urrez landuak ziren zure bitxi eta apaingailuak, sortu zintuzten egun berean prestatuak.

14. Zu, beso zabalik dagoen kerubin babesle zinen, Jainkoaren mendi santuan zeunden eta ikatz gorien artean ibiltzen zinen.

15. Portaera akats gabea izan zenuen sortu zintuzten egunetik, maltzurkeriaz jokatzen hasi zinen arte.

16. Zeure merkataritza oparoagatik, indarkeriaz bete eta bekatu egin zenuen. Horregatik, zeure postutik kendu eta bota egin zintudan menditik, eta kerubin babesle zinen hori ikatz gorien artetik kendu.

17. Zeure edertasunak harropuztu egin zintuen, zeure distirak burua nahastu. Horregatik bota zaitut lurrera, eta erregeen aurrean barregarri utzi.

18. Erru asko eta bidegabeko merkataritzaz profanatu duzu zeure santutegia. Zeure baitatik sua sorrarazi dut eta irentsi egin zaitu; errauts bihurtu zaitut, guztien begi aurrean.

19. Ezagutzen zintuzten herri guztiak txunditurik daude, beldurgarria baita zure patua: zureak egin du betiko!»

Sidonen aurkako mezua

20. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

21. «Gizaseme, itzuli Sidon aldera eta hitz egin nire izenean haren kontra.

22. Adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zure aurka nator, Sidon, zure kontura jantziko naiz ospez. Zure aurka epaia bete eta neure santutasuna agertzean, denek jakingo dute ni naizela Jauna.

23. Izurritea bidaliko dizut, odola isuriko da zure kaleetan; hildakoak hiri erdian eroriko dira alde guztietatik egingo dizuten erasopean. Orduan, denek jakingo dute ni naizela Jauna.

Israel seguru biziko

24. «Ez dute jada auzoko herriek Israel mespretxatuko, ez dute arantza zorrotz eta lahar mingarriek bezala zulatuko. Eta jakingo dute ni naizela Jauna.

25. Hau diot nik, Jainko Jaunak: Barreiaturik egon deneko herrien artetik Israel bilduko dudanean, neure santutasuna agertuko dut nazioen aurrean, eta israeldarrak neure zerbitzari Jakobi eman nion lurraldean biziko dira berriro.

26. Seguru biziko dira bertan, etxeak eraiki eta mahastiak landatuko dituzte. Israel mespretxatzen duten auzokoen kontra epaia beteko dudanean, seguru biziko dira; orduan jakingo dute ni naizela Jauna».