Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 11:12-23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. Orduan jakingo duzue ni naizela Jauna, eta ez duzuela nire legeen arabera jokatu, ezta nire erabakiak bete ere, baizik eta inguruko nazioen ohiturei jarraitu diezuela».

13. Ni mezu hau aldarrikatzen ari nintzen bitartean, Pelatias, Benaiasen semea, hil egin zen. Ahuspez erori eta deiadar egin nuen ozenki: «Ai Jainko Jauna! Gelditzen diren israeldarrak suntsitu behar dituzu!»

14. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

15. «Gizaseme, hara zer dioen Jerusalemgo jendeak zure senide eta herritarrez, Israel herri osoaz: “Daudela Jaunarengandik urruti! Guri eman zaigu lurralde honen jabetza”.

16. Adierazi, beraz, Jerusalemgo jendeari, nik, Jainko Jaunak, diodan hau: Egia da neuk urrutiratu nituela nazio artera eta herrialdeetan sakabanatu, baina bizi diren herrialdeetan ere beren artean naukate, santutegian bezalaxe.

17. Erbesteratuei, berriz, adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Herrien artetik bilduko zaituztet, sakabanatuak egon zareteneko herrialdeetatik batuko, eta Israel lurraldea emango dizuet.

18. Hara iristean, idolatria eta jokaera higuingarri guztiak baztertuko dituzue.

19. «Bihotz berria emango dizuet eta espiritu berria ezarriko zuengan; harrizko bihotza kenduko dizuet eta haragizkoa emango,

20. nire legeen arabera joka eta nire erabakiak betetzen saia zaitezten. Zuek nire herri izango zarete eta ni zuen Jainko.

21. Baina bihotza idolatria eta jokaera higuingarrietara makurtzen dutenei beren jokabidearen ordaina emango diet. Nik, Jainko Jaunak, esana».

22. Kerubinek hegoak zabaldu zituzten, gurpilak ondoan zituztelarik. Israelgo Jainkoaren aintza haien gainean nabari-nabari zegoen.

23. Jaunaren aintza hiriaren erditik altxatu eta ekialdera dagoen mendi gainean gelditu zen.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 11