Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40
  41. 41
  42. 42
  43. 43
  44. 44
  45. 45
  46. 46
  47. 47
  48. 48

Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Jerusalemen zigorra iragarria

1. Jaunaren espirituak gora jaso ninduen eta tenpluaren ekialdeko aterantz eraman; sarreran hogeita bost gizon zeuden, eta haien artean herriko buruzagi ziren Jaazanias, Azurren semea, eta Pelatias, Benaiasen semea, ikusi nituen.

2. Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, hona hemen hirian gaiztakeriak asmatu eta egitasmo txarrak prestatzen dituztenak.

3. Esaten dute: “Ez dira berehalakoan etxeak eraikiko; baina gu seguru gaude hirian, haragia tupinan bezala”.

4. Beraz, hitz egin nire izenean horien aurka, hitz egin, gizaseme».

5. Espirituak hartu ninduen eta Jaunaren mezu hau adierazteko agindu zidan: «Badakit zer ari zareten esaten, israeldarrok; badakit zer darabilzuen gogoan.

6. Kaleak hildakoz betetzeraino ugaritu dituzue hilketak hirian.

7. Horregatik, hau diot nik, Jainko Jaunak: Hiri erdian utzi dituzuen hilak dira haragia, eta hiria tupina; baina zuek atera egingo zaituztet bertatik.

8. Gerraren beldur zarete; bada, gerra ekarriko dizuet gainera. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

9. Nik irtenaraziko zaituztet hiritik eta atzerritarren esku utziko; zuen aurkako zigor-epaia beteko dut.

10. Gerran eroriko zarete; Israelen bertan emango dizuet zigor-epaia, eta orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.

11. Hiria ez da zuentzat tupina izango, ezta zuek ere haren barruan seguru dagoen haragia. Israelen bertan emango dizuet zigor-epaia.

12. Orduan jakingo duzue ni naizela Jauna, eta ez duzuela nire legeen arabera jokatu, ezta nire erabakiak bete ere, baizik eta inguruko nazioen ohiturei jarraitu diezuela».

13. Ni mezu hau aldarrikatzen ari nintzen bitartean, Pelatias, Benaiasen semea, hil egin zen. Ahuspez erori eta deiadar egin nuen ozenki: «Ai Jainko Jauna! Gelditzen diren israeldarrak suntsitu behar dituzu!»

Jaunak israeldar sakabanatuak bilduko

14. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

15. «Gizaseme, hara zer dioen Jerusalemgo jendeak zure senide eta herritarrez, Israel herri osoaz: “Daudela Jaunarengandik urruti! Guri eman zaigu lurralde honen jabetza”.

16. Adierazi, beraz, Jerusalemgo jendeari, nik, Jainko Jaunak, diodan hau: Egia da neuk urrutiratu nituela nazio artera eta herrialdeetan sakabanatu, baina bizi diren herrialdeetan ere beren artean naukate, santutegian bezalaxe.

17. Erbesteratuei, berriz, adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Herrien artetik bilduko zaituztet, sakabanatuak egon zareteneko herrialdeetatik batuko, eta Israel lurraldea emango dizuet.

18. Hara iristean, idolatria eta jokaera higuingarri guztiak baztertuko dituzue.

19. «Bihotz berria emango dizuet eta espiritu berria ezarriko zuengan; harrizko bihotza kenduko dizuet eta haragizkoa emango,

20. nire legeen arabera joka eta nire erabakiak betetzen saia zaitezten. Zuek nire herri izango zarete eta ni zuen Jainko.

21. Baina bihotza idolatria eta jokaera higuingarrietara makurtzen dutenei beren jokabidearen ordaina emango diet. Nik, Jainko Jaunak, esana».

Aintzak hiritik alde egin

22. Kerubinek hegoak zabaldu zituzten, gurpilak ondoan zituztelarik. Israelgo Jainkoaren aintza haien gainean nabari-nabari zegoen.

23. Jaunaren aintza hiriaren erditik altxatu eta ekialdera dagoen mendi gainean gelditu zen.

24. Espirituak gora jaso eta Babiloniara eraman ninduen, erbesteratuengana; hau ikuskaria izan zen, Jainkoaren espirituaren eraginpean izana; gero, desagertu egin zen ikuskaria.

25. Jaunak agertu zizkidan gauza guztiak adierazi nizkien erbesteratuei.