Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 11:1-11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Jaunaren espirituak gora jaso ninduen eta tenpluaren ekialdeko aterantz eraman; sarreran hogeita bost gizon zeuden, eta haien artean herriko buruzagi ziren Jaazanias, Azurren semea, eta Pelatias, Benaiasen semea, ikusi nituen.

2. Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, hona hemen hirian gaiztakeriak asmatu eta egitasmo txarrak prestatzen dituztenak.

3. Esaten dute: “Ez dira berehalakoan etxeak eraikiko; baina gu seguru gaude hirian, haragia tupinan bezala”.

4. Beraz, hitz egin nire izenean horien aurka, hitz egin, gizaseme».

5. Espirituak hartu ninduen eta Jaunaren mezu hau adierazteko agindu zidan: «Badakit zer ari zareten esaten, israeldarrok; badakit zer darabilzuen gogoan.

6. Kaleak hildakoz betetzeraino ugaritu dituzue hilketak hirian.

7. Horregatik, hau diot nik, Jainko Jaunak: Hiri erdian utzi dituzuen hilak dira haragia, eta hiria tupina; baina zuek atera egingo zaituztet bertatik.

8. Gerraren beldur zarete; bada, gerra ekarriko dizuet gainera. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

9. Nik irtenaraziko zaituztet hiritik eta atzerritarren esku utziko; zuen aurkako zigor-epaia beteko dut.

10. Gerran eroriko zarete; Israelen bertan emango dizuet zigor-epaia, eta orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.

11. Hiria ez da zuentzat tupina izango, ezta zuek ere haren barruan seguru dagoen haragia. Israelen bertan emango dizuet zigor-epaia.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 11