Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 1:4-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Hara zer ikusi nuen: Haize-erauntsia zetorren iparraldetik: hodei handi bat tximistek zeharkatua eta argitasun biziz inguratua; erdian metal goriak duen bezalako distira.

5. Hodeiaren erdian lau izaki bizidun zeuden, gizaki-itxurakoak.

6. Launa aurpegi eta launa hego zituzten;

7. zangoak zuzenak, eta oin-zolak zekorren apatxarenak bezalakoak, brontze leundua bezain distiratsu;

8. hegalpean giza besoak zituzten lau aldeetan, baita aurpegiak eta hegoak ere;

9. hegoek elkar ukitzen zuten. Ibiltzerakoan zuzen zihoazen aurrera, inoiz itzuli gabe.

10. Haien aurpegiek giza aurpegiaren antza zuten aurretik; lehoi-aurpegiarena eskuinetik, zezen-aurpegiarena ezkerretik eta, azkenik, arrano-aurpegiarena.

11. Bi hego gorantz luzaturik zituzten elkar ukituz, eta beste bi gorputza estaliz.

12. Aurrera ibiltzen ziren zuzen, Jainkoaren espirituak nahi zuen alderantz, inoiz itzuli gabe.

13. Izaki bizidun haien artean ikatz gorien antzekoak zeuden, joan-etorrian zebiltzanak zuziak bezala; suak distira egiten zuen eta sutatik tximistak irteten.

14. Izaki haiek batetik bestera ziztu bizian zebiltzan oinaztarria bezala.

15. Izaki haiei begiratzean, lurrean haien ondoan, bakoitzarentzat gurpil bana ikusi nuen.

16. Gurpilek urre-harriaren distira zuten eta berdinak ziren laurak; egituraz, bata bestearen barruan sartuta bezala zeuden;

17. horrela, aurrera egitean, lau aldeetarantz joan zitezkeen, itzuli gabe.

18. Izugarria zen haien uztaien altuera, eta lauren bira osoa distiraz betea zegoen.

19. Izaki haiek aurrera egitean, gurpilek ere aurrera egiten zuten ondoan, eta izakiak lurretik altxatzean, gurpilak ere altxatu.

20. Jainkoaren espirituak nahi zuen alderantz joaten ziren, eta gurpilak ere haiekin batera altxatzen ziren, izakiekin bat eginda baitzeuden.

21. Haiek aurrera egitean, hauek ere aurrera; haiek gelditzean, hauek ere gelditu; haiek lurretik altxatzen zirenean, gurpilak ere bai haiekin batera, izakiekin bat eginda baitzeuden.

22. Izakien buru gainean, sabai-modukoa hedatzen zen, kristal distiratsuaren dirdira zuena.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 1